#HTX23 Hatortxurock, maitasunaren apologia

Milaka lagun bildu ziren atzo Atarrabian Hatortxurock jaialdian euskal preso eta iheslari politikoei eta euren senideei babesa eta elkartasuna adierazteko. Maitasunaren apologia erakustaldi eder honen bideo laburpena egin du Ahotsa.info-k.

2019-ko abenduak 29

“Maitasunaren apologia” egingo zela esan zuten eta hala izan zen. Eta nola egin gainera. 246 ohe huts maitasunez bete zituzten eta ziega zulo ororaino zein deserriko azken txokoraino iritsi zen lrunbatean Atarrabian bizi izan zena.

“Mila esker berriz ere holako elkartasun jaialdi bat posible egiteagatik, mila esker astebururo astebururo errepideetan bizitza jokatzen duten senide eta lagun horiei herri bat haiekin dutela inoiz baino gehiago gogoratzeagatik, mila esker etxerako bide trabatu horretan harri kozkor bat gehiago kentzeagatik, mila esker Hatortxu Rocken bitartez dispertsioaren aurkako borrokan gero eta gehiago garela azpimarratzeagatik, mila esker denok bat izateagatik. Arratsaldeko lehen ordutik karpa jendez lepo zegoen eta hola jarraitu zuen ateak itxi genituen arte”, adierazi du HTX-ek.

“Eta batez ere, eskerrak eman nahi dizkiegu lanean aritu ziren 800 boluntarioei. Zuek gabe ez legoke halako elkartasun jaialdi bat antolatzerik”, nabarmendu dute. Preso, iheslari eta deportatu guztiak etxean izan arte, lanean jarraituko dutela adierazi dute antolatzaileek.

Bi kanporatu

Hala ere, poza ez da erabatekoa. Larunbatean bi gizonezko kanporatu behar izan zituzten eraso sexistak egiteagatik. Hatortxu Rock denentzako gune segurua izateko protokoloa martxan jarri zuen antolakuntzak.

Gehiago