Hordago! ekimenak deitoratu du Mañeruko herritarrei eremu mistoan sartzeko atea itxi izana
Zonifikazioaren aurkako hordago! herri ekimenak atsekabe handiz ikusi du nola Nafarroako Parlamentuko gehiengo batek ‒Navarra Sumak eta PSNk osatzen dutenak‒ ateak itxi dizkion herri txiki batek hizkuntza gutxitu eta gutxiagotu baten alde egin nahi zuen urrats txikiari.
2023-ko otsailak 2
Mañerutarren eskaeraren aferak bertze behin ere agerian utzi du euskararen zonifikazioak ez duela ez hanka eta ez buru, ez diola erantzuten ezein irizpide soziolinguistikori, eta ez dituela betetzen Euskararen Legeak berak markatzen dituen funtsezko helburuak ‒botere publikoek euskararen berreskurapena eta hedapena babestu behar dutela dioten horiek‒.
Mañeru ukitzen duten udalerri gehienak eremu mistoan daude, eta ez dago argudio bakar bat ere esplika dezakeena Mañeruk ezin duela pauso hori eman; Nafarroa eta euskara ulertzeko ikuspegi distortsionatutik ez bada, noski.
Euskara Nafarroa osoko hizkuntza da, halaxe dago legez aitortua, eta bere berreskurapen eta hedapenari ezin zaizkio trabak paratu. hordago!-ren ustez zonifikazioak jartzen du trabarik handiena eta, horregatik, baldintzak sortu behar dira zatikatze hori behingoz gainditzeko. Herri ekimen honek zentzu horretan jarraituko du lanean eta Nafarroako herritarrak animatu nahi ditu beraiek ere noranzko horretan bulkatzen jarrai dezaten.
Bukatzeko, hordago! ekimenak ez du kritikatu gabe utzi nahi bozeramaile sozialistaren batek eremu aldaketen inguruan haizatu duen mamua, “zenbait udalerrik mistotik ez- euskaldunera pasatu” nahi dutela dioen hori. Ulertzen dugu mehatxu moduan erraten duela, udalerriak ez daitezen gehiegi animatu eremuen goranzko aldaketa eskaerekin. Baina ez dugu ulertzen ahal nola gai diren maila berean jartzeko Euskararen Legearen funtsezko helburuen kontra jotzen duten aldaketak eta helburu horiekin bat egiten dutenak.