Hodei Ijurko isolamendu egoera salatzeko gose greban aurkitzen dira San Sebastian eta Aginaga presoak
Atzo, uztailak 13, Ibai Aginaga eta Mikel San Sebastian Berangoko eta Lesakako preso politikoek gose greba mugagabeari ekin zioten A Lamako kartzelan, espetxe honetan Hodei Ijurko iruindarrak bizi duen bakartze egoera salatzeko eta beste kideekin batera jar dezatela exijitzeko, Amnistiaren Aldeko Mugimendua deiturikoak ohar bidez adierazi duenez.
2015-ko uztailak 14
Mugimendu honetatik gogoratzen dutenez, Hodei Ijurkok preso daramatzan 7 urteetan egoerarik gogorrenak bizi izan ditu kartzelan, askotan isolamendu egoeretan egon delako: ziega barruan eguneko 21 ordu pasatzea, patiora gehienez beste preso batekin atera ahal izatea, ziegan eduki ditzakeen arropa eta beste gauza batzuen muturreko murrizketa…
Gaur egun, Hodei Ijurko lehenengo graduko bigarren fasean aurkitzen da. Hala ere, gainontzeko preso politikoengandik banatuta mantentzen dute "pairatzen ari den zigorra are eta gehiago gogortzeko helburuarekin". Aginaga eta San Sebastian preso politikoek gose greba hasi duten egunean Ijurko isolamenduan dago kartzelak ezarritako parteak betetzen.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak egoera hauek salatu eta gose grebek ekartzen dituzten arriskuez ohartarazi du, eta mobilizazioetara adi egotera deitu du.