Hizkuntza Aktibismorako tailerrak jarriko ditu martxan EHEk
Euskal Herrian Euskaraz "euskaldunon aktibazioa" medioz euskaraz bizitzeko baliabide pertsonalak eskainiko ditu tailer hauekin. Nafarroan urtarrilaren 29 eta 30ean Altsasun eta otsailaren 12 eta 13an, Iruñean izanen dira tailer hauek.
2016-ko urtarrilak 26
Iragan abenduan “Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz” hausnarketa prozesu parte-hartzailearen berri eman zuen EHEk. Urte berriarekin batera, batzarrak egin dituzte zenbait herritan, eta aurrez-aurreko solasaldiak hainbat lagunekin. “Euskaldunok bizi dugun hizkuntza gatazkaren korapiloak askatzeko gakoak identifikatu nahi ditugu eta, hauei ekiteko, Euskal Herrian Euskaraz erakundearen etorkizuna marraztuko duten neurriak hartu”, adierazi dute.
Gogoetaren oinarria “euskaldunon aktibazioa” dela azpimarratu dute “sinetsita baikaude euskaraz bizitzeko behar ditugun aldaketak norbanakoon zein hiztun komunitatearen ahalduntzearekin etorriko direla”. Hizkuntza Aktibismorako tailerrak jarriko dituzte martxan horretarako.
“Gure helburuak erdiesteko horien garapenarekin soilik ez dela nahikoa; mugak han eta hemen begi-bistakoak dira eta pausu bat harago egin behar dugu. Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko. Euskaraz bizi nahi eta ahalegina egiten dugun herritarroi, hizkuntza praktika sumisoak gainditzeko baliabide pertsonalak eskainiko dizkigu. Halaber, baliabide hauek kolektiboki landu eta garatzeko, eta bestelako arlotan aldaketak eragiteko, dinamikak jarriko dizkigu eskura”.
TELP ikastaroen sortzailea den Gemma Sanginesekin elkarlanean sortu dute tailer berri hau, eta bera izango da hurrengo lau saioen gidaria. Aurrerantzean tresna eraginkorra izan eta hedapen zabala izango duelakoan, hurrengo lau saioen ondoren balorazio zehatza egingo du EHEk, hausnarketa prozesuaren ondorioekin tresna berri hau uztartzeko asmoz.
Momentuz, lau hitzorduak finkatu dira: Urtarrilaren 29 eta 30ean, Altsasuko Intxostiapunta gazte gunean. Otsailaren 12 eta 13an, Iruñeko Txantrea auzoko Auzotegi Kultur Etxean. Otsailaren 27an, Arrasateko Etxaluze eraikinean. Martxoaren 12an, Durangoko Pinondo etxean.