Hirugarren egunez gelditu dituzte Aroztegiaren obrak Lekarozen

Aroztegia proiektuaren aurkakoek atzo berriz gelditu zituzten "ilegalki" Lekarozen egiten ari diren obrak. Baztango herri honetan pasa den astean eman zioten hasiera golf zelai bat, hotela eta urbanizazio goi turistiko bat biltzen duen Aroztegia proiektuari.

2021-ko apirilak 13

Atzo, eta jada hirugarren egunez, herritar talde bat Aroztegian egiten ari diren obrak gelditu zituzten. Baztango zein Nafarroako hainbat eragilek urtetan proiektua gelditzeko eskaerari erantzunez ekin zioten “bidegabekeria hau gelditzeari”, ohar batean Aroztegia eta gero zer? plataformak eta Baztango Gazte Asanbladak zabaldu dutenez.

“Oroitarazi nahi dugu aste honetan hasitako obrak inposatutako proiektu txikitzaile bat abiatzeaz gain sententzia batek legez kontrakoak izendatuak direla. Gogor salatu nahi dugu Nafarroako Gobernua sententzia hori betearazi beharrean, diru publikoarekin ordaindutako poliziak enpresa pribatu baten mesedetan jarri eta herritarren borondatea betearazten ari garen herritarrak jazartzeko erabiltzen ari dela”, salatu dute.

“Jazarpen eta indarkeria instituzionalaren aitzinean herritarrak antolatzen eta gure lurra defenditzen segituko dugu”, ohartarazi dute, eta herritar guztiak deitzen dituzte hurrengo egunetan antolatuko diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera.

Pasa den ostiralean ere obrak gelditu zituzten.

Gehiago