Hilketa matxista berri bat Nafarroan: gizon batek Arguedasen emakume bat hil duela aitortu du polizi-etxean

Foruzainek baieztatu dute gizonezko bat Guardia Zibilaren kuartelera joan dela emaztea hil duela esatera.

2026-ko maiatzak 18

Iturria: Berria.eus

Arguedasen izan da oraingoan, Nafarroan. Foruzainen arabera, gizon bat Guardia Zibilaren Valtierrako kuartelera joan da gaur, eta esan du emaztea hil duela, eta haren hilotza etxean dagoela. Ikerketa bat abiatu dute foruzainek eta Guardia Zibilak, zer gertatu den argitzeko. Indarkeria matxista kasu bat dela baieztatzen bada, aurtengo bosgarrena izango da. 

Zabaldu diren lehen datuen arabera, asteburuan izan zen hilketa, Arguedasko Postigo kalean. Foruzainek berehala baieztatu dituzte hilketaren gainean zabaldu diren lehen datuak, eta albistea eguneratzen joango direla jakinarazi dute. Aurki ezagutu dira xehetasun gehiago: hainbat hedabidek kontatu dutenez, senitarteko batek aurkitu du andrea, hilotz, eta foruzainei eman die aurkikuntzaren berri. Ordurako, bere kabuz, kuartelerako bidea egina zuen senarrak, eta han kontatu du asteburuan andreari eraso egin diola, eta hilda dagoela. Guardia zibilek atxilotu egin dute gizonezkoa, andrea hiltzea leporatuta.

44 urte ditu biktimak, 43 gizonak. Zenbait hedabidek zabaldutako informazioaren arabera, ez zeramaten denbora luze Arguedasen bizitzen. Arguedasko Udalak gaitzespen ohar bat plazaratu du. Gertatutakoaren gaineko «samina» azaldu dute udal agintariek, eta tankerako bortxa ekintzak «arbuiatu» egin behar direla esan dute. Gogora ekarri dute instituzioek eta gizarte osoak, oro har, indarkeria matxista errotik erauzteko izan behar duten «konpromisoa».

Nafarroako lehen lehendakariorde Javier Ramirezek sare sozialen bidez zabaldu du dolu mezua. Hark ere gogoratu du indarkeria matxistaren kontrako borrokan ezin dela etenik izan, eta horretarako «batera» jardun behar dela. Kasua ikerketapean dagoela baieztatu du. Foruzainen lehen ikerketen arabera, emakumeak ez zuen genero indarkeriaren gaineko salaketarik jarria aurretik. 

Soka luzeegia

Aurrez lau izan dira indarkeria matxistaren ondorioz hildakoak Euskal Herrian. Urtarrilaren 20an izan zen lehen kasua, Sarrigurenen (Nafarroa). Tatiana Rodriguez izan zen biktima, 28 urtekoa. Poliziak senarra atxilotu zuen, emaztea labanaz hiltzea eta ama larri zauritzea leporatuta. Zenbait hedabidek argitaratu zutenez, emakumea erraina babesten saiatu zenean egin zion eraso gizonak. Bikoteak lau seme-alaba zituen, guztiak adingabeak, eta horietako bat etxean zen hilketa gertatu zenean. 

Martxoaren 24an eman zuten hurrengo kasuaren berri. Jakin zenez, hiru egun lehenago, martxoaren 21ean, gizon batek bere bikotekide ohia tiroz hil zuen Zaragozan (Espainia), eta gero bere buruaz beste egin zuen. Emakumea Irungoa (Gipuzkoa) zen sortzez. 49 urte zituen. Silvia zuen izena.

Martxoaren 31n izan zen hurrengo kasua, Basaurin (Bizkaia). Emakume bat bere etxean hil zen. Bertara joan ziren osasun zerbitzuek ezin izan zuten salbatu. Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, eta emakumeak indarkeria zantzuak zituela iritzita, haren bikotekidea, 45 urteko gizonezko bat, atxilotu zuen handik bi egunera. Epaileak, ordea, behin-behinean aske utzi zuen, kautelazko neurriekin, ikerketak informazio gehiago eman bitartean. Biktima Amaia Velasco Quintana zen, eta 48 urte zituen.

Azken kasua lehengo hilabetekoa da, apirilaren 21ekoa. 37 urteko emakume bat hil zen Iruñeko San Jorge auzoan, etxe bateko hirugarren pisutik behera erorita. Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi zuenez, gizonezko bat atxilotu zuten indarkeria matxistagatik, ezarritako urruntze agindua urratzea egotzita. Emakume horren izena ez dute jakinarazi; 37 urte zituen.

Aurretik ere luzeegia da soka. Iaz zazpi emakume hil zituen indarkeria matxistak. Gainera, 2024ko ekainaz geroztik, desagertuta dago Laure Zacchello; Urruñan bizi zen, Lapurdin, eta haren bikotekidea atxilo hartu zuten.

Gehiago