Hezkuntzak aurkeztutako lekualdatze-lehiaketak euskara are gehiago baztertzen duela Lanbide Heziketan deitoratu LABek

Hezkuntzako Mahai Sektorialean Departamentuak 2021-2022 ikasturterako lekualdatze-lehiaketa aurkeztu ondoren, LAB sindikatutik salatu dute Lanbide Heziketan euskarazko plazak zein espezialitateak murriztu nahi dituela Hezkuntza Departamentuak, Nafarroan Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunean, Lanbide Heziketaren Garapenari buruzko zazpigarren puntuan, ezarritakoaren kontra.

2021-ko urriak 27

Nafarroako Hezkuntza Departamentuarekin sinatutako Itunak Lanbide Heziketan egun dagoen eskaintzaren mapa aztertzeko konpromisoa hartzen du behar den eskaintza zabaltzeko, azterketa honek ere euskaraz egingo den eskaintzan eragiten du. Horretarako ikasleen beharrak eta nahiak kontuan hartzeaz gain eremu soziolinguistikoa ere kontuan hartu beharko litzateke. Baina Altsasuko Sakana Lanbide Heziketaren kasuan ez dute horrelakorik egin, alderantziz, euskarazko plazak zuzenean murriztu dituzte horrelakorik kontuan hartu gabe, Itunean jasotakoari jaramonik egin gabe eta ikastetxeko zuzendaritzak aholkatzen eta proposatzen duenari muzin eginez.

Adierazi nahi dugu Nafarroako eremu euskaldunean hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara eta gaztelania nahitaez irakatsi behar direla, ikasle guztiek bi hizkuntzetan gaitasun maila nahikoa egiaztatu ahal izan dezaten. Altsasuko errealitate sozilinguistikoa zein den jakinda, ikasleek ikasketak, taillerrak eta irakaslearekin harremanak euskaraz izateko aukera izan behar dute; horregatik Lanbide Heziketan eskaintzen diren plazek irakasle euskaldunak behar dituzte. Soilik horrela bermatuko baita bi hizkuntzetan ikasteko aukera.

Aipatu nahi dugun beste puntu bat da ikastetxeen plantillan irakasle bat onartzen denean 3 urtetarako izaten dela -horrela zehaztua dago plantilla organikoen osaketarako araudian-, 2020-2021 ikasturtean Lanbide Heziketako espezialitate batzuk euskaraz izan ziren, eremu euskaldunean, Altsasun, eta 2021-2022 ikasturtean gaztelaniaz, zergatik kasu hauetan ez da 3 urteko epe hori eman? LAB Sindikatutik argi utzi nahi dugu ez dugula erabaki hau ez ulertzen ez onartzen.

Eremu mistoan kokatzen bagara, legeak dio, euskara irakaskuntzan sartuko dela pixkana-pixkanaka, progresiboki eta behar adina; beraz, Virgen del Camino, María Ana Sanz, CI Agroforestal eta ESTNA ikastetxeetan ematen diren espezialitateetako lanpostu hutsetan hau aplikatzeko eskatu dugu Mahai Sektorialean. Horri esker, espezialitate batzuk euskaraz izatea lortu dugu, baina nahikoak ez direla salatu nahi dugu.

Azkenik, Gimeno kontseilariari gogorarazi nahi diogu, beste behin ere, Gobernuak sinatutako Nafarroan Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna bete beharrekoa dela, eta LABetik Ituna betetzen dela ziurtatzeko jarraipen estua eginen dugula, behar den tokian behar den eskaintza ziurtatzeko ere bai.

Gehiago