Hezkuntza sistema sozialista aldarrikatzeko greba deitu du biharko Ikasle Abertzaleak

Urriak 27 osteguna mobilizazioak antolatu ditu Ikasle Abertzaleak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, eta bigarren hezkuntzan greba eguna deitu du ikasle sindikatuak. Zabaldutako oharrean, greba egun honen arrazoiak azaldu ditu IAk.

2022-ko urriak 26

Urriaren 27an Hego Euskal Herriko lau hiriburuak hartuko ditugu hezkuntza bizitzen ari den ofentsiba kapitalistari aurre egin eta hezkuntza sistema sozialista aldarrikatzeko. Ezer baino lehen, ordea, mobilizazio hau hor amaitzerik ez dugula nahi adierazi nahi dugu, erreforma garai honetan antolatzeko nahiz mobilizatzeko borondatea erakutsi dugu, baina bidea ez da amaitu eta horretan jarraitu beharra daukagu.

Hankaz gora aurkitu dugu bigarren hezkuntzaren esparrua: ikastetxe eta zentroen noraeza, neurri berri guzti hauen gaineko ezjakintasuna eta, aurreko kurtsoetan bezala, desados agertu garenon isilaraztea. Izan ere, lege berri hauek –LOMLOE nahiz EAEko Hezkuntza Legea- aurrerapen moduan saldu nahi izan dizkiguten arren, miseriazko hezkuntza baten oinarriak finkatzera etorri zaizkigu: heziketaren desegitea, diziplinamenduan oinarritutako heziketa prozesua eta bitarteko gutxien dituztenen kanporaketa. Eta politikari profesionalak, enpresari handien agindupean, izango dira kapitalaren eraso hau egikaritu eta bideratuko dutenak.

Guk garbi daukagu erreforma guzti hauek zuzen zuzenean kolpatzen dutela langile klasea, ikasle langilea hezkuntza prozesutik indarrez kanporatua izateraino. Eta garbi daukagu ere, hezkuntzaren arazoaren koponbidea ez dugula ez legeen aldaketa konkretuetan ez parlamentuko zirkuan aurkituko. Horregatik, politikarien iruzurrari ez esan eta hezkuntza erreformen aurrean antolatzeko unea dela uste dugu.

Izan ere, bada alternatibarik, posible da bestelako hezkuntza sistema baten eraikuntza, ikasleon garapen askea eta pentsamendu kritikoa bultzatuko dituena, oinarrizko askatasun eta eskubideak bermatuko dituena, doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango dena, langileon kontrolpeko hezkuntza: hezkuntza sistema sozialista.

Gehiago