Hego Euskal Herriko Osasun Publikoaren aldeko plataformek, osasun publikoaren eredu parte-hartzaile eta garden bat aldarrikatu dute

Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Publikoaren aldeko herri plataformak Araian (Araba) bildu ziren aurreko larunbatean, irailaren 23an, bi lurraldeetako gobernuen osasun-sistema publikoaren estrategia pribatizatzaileen aurrean erantzun mobilizatzaileak gaitzeko.

2023-ko irailak 27

Aurreko larunbatean, irailaren 23an, Osasun Publikoaren aldeko herri plataformak bildu ziren, osasun sistemaren pribatizazioaren aurka, bien arteko koordinazioa bultzatzeko. Izan ere, ikasturte hasiera honetan, itxaron-zerrendak murrizteko beharra argudiatuz, bai Eusko Jaurlaritzak eta bai Nafarroako Gobernuak ere adierazi dute sistema publikoko pazienteak masiboki osasun-negozio pribatuetara bideratzeko asmoa dutela, eta zerrenda luzeagoak dituzten espezialitateetako aparteko lanorduak egitera bultzatzea, horien sortzearen arrazoiei heldu beharrean. Horregatik, plataformek egiturazko aldaketak eskatzen dituzte, zuzenean osasun-sistema publikoa indartu, zabaldu eta hobetzeko, bereziki, Lehen Mailako Osasun Arreta eta Osasun Publikoa.


Topaketa horretan herritarrek eskatzen duten Osasun Publikoaren ereduari buruzko hausnarketa bat egin zen. Osasun Publikoak EAEn eta Nafarroako Foru Erkidegoan duen egoerari buruz eztabaidatu zen, baita hurrengo hilabeteetarako jarraitu beharreko ekintza eta lan-ildoei buruz ere. Eta, plataformek antolatutako koordinazio-jardunalditik ateratako ondorioen artean, garrantzitsuenetako bat da herritarren mobilizazio iraunkor baten beharra dagoela, bide pribatizatzailea eta osasun publikoaren desegitea geldiarazteko tresna gisa.

Horregatik guztiagatik, Hego Euskal Herriko Osasun Publikoaren aldeko plataformek, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren itxaron-zerrendak murrizteko aurkeztutako planak salatu eta arbuiatzen dituztela argi utzi dute, egitura-irtenbide bat ez delako, diotenez, egungo zenbakiak makillatzeko, diru publiko kopuru handiak esku pribatuetara bideratzeko soilik balio baitu.


Bukatzeko, plataformetatik azaroaren 11n EAEko hiru hiriburuetan egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia zabaldu diete herritarrei; bertan, orain arte egin diren murrizketa guztiak akatuko dituen osasun publikoaren eredu parte-hartzailea eta gardena aldarrikatzeko, baita herritarren egungo beharrei eta eskaerei arlo publikotik erantzungo dieten egiturazko aldaketak exijitzeko ere.

Gehiago