HE Gurasoak Iruñeko haur eskoletan euskarazko murgiltze eredua defendatzen du eta Udalaren proposamenaren aurka azaldu da
Urtarrilak 29, ostirala, 18:00etan haur eskoletan euskarak bizi duen egoera larria salatzeko Hezkuntza Departamentutik abiatuko den mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute. Ekimenetik Nafar Gobernuko Hezkuntzari egindako proposamena berretsi dute. Bertan proposatzen dute Iruñeko eremu bakoitzean gutxienez euskarazko murgiltze eredua duen haur eskola bat ezartzea.
2021-ko urtarrilak 27
Udal gobernuak egindako haur eskola publikoen hizkuntza ereduari buruzko proposamenak ez du inondik inora Iruñean ematen den egoera larria orekatzen.
Beste behin ere, beren umeak euskaraz hezi nahi dituzten familiei oztopoak jartzen dizkie Navarra Sumak, eta haien gertutasun eta oreka geografikoaren aldarrikapenak ez ditu kontuan hartzen. Euskaldunak desplazamendu handiak egitera behartuko ditu, beste behin ere.
Agintariekin hainbat bilera egin dugu, eta gehienetan atera da Nafarroako Justizia Auzitegiaren epaia. Horren irakurketa propioa egin dute, eta azpimarratu digute bertan aipatzen diren eskoletan aldaketarik ezin dela egin. Printzearen Harresin euskara lerro bakar bat ezartzeak ez du inondik inora iruindarren beharra asetzen, ezta hiriko hegoaldean topatzen dugun euskara hutsunea edo euskararen basamortua konpontzen ere.
Gizartearen euskara eskariaren aurrean Navarra Sumak PSNren laguntzarekin, hainbat hizkuntza eredu nahastea erabaki du. Baina ez dugu adar jotzerik onartuko. Navarra Sumaren jukutria da, zurikeria, antzezlana. “Eredu mistoak” ez du oinarri pedagokikorik. Murgiltze eredua defendatzen dugu, euskara ikasteko tresna pedagogiko bakarra baita. Euskara bezalako hizkuntza gutxitu batek babes eremuak behar ditu gaztelera eta ingelesa bezalako hizkuntzek zapaldu ez dezaten, eta argi dago, murgiltze eredua dela babes eremu posible bakarra. Navarra sumaren jokaldia da euskara desagertaraztea ingelesa inposatuz.
Nafar gobernuko hezkuntza departamentuak du haur eskoletako hizkuntza eskaintzaren azkeneko erabakia. Aurrekoan azaldu genien gure gutxieneko proposamena. Iruñeko mapa bi ardatz erabiliz lau eremutan banatu, eta hauetako bakoitzean euskarazko murgiltze eredua duen haur eskola bat ezartzea. Ezin dugu gutxiagorik onartu.
Honengatik guztiarengatik, ostiral honetan, Urtarrilak 29, 18:00etan hezkuntza departamentutik aterako den mobilizaziora deitzen ditugu iruindarrak. Kalean euskarak duen babesa instituzioen eskaintzan ere islatu dadin.