Haur eskola publikoen partzuergoa sortzea proposatu du STEILAS sindikatuak 0-3 zikloaren prekarietatearekin amaitzeko bidean

STEILASek planteatzen du Nafarroa Garaian haur eskola publikoen partzuergoa sortzea "bitarteko neurri gisa" Hezkuntza Departamentuak 0-3 publikoa osorik hartu arte. Erakunde berriaren partaideak lirateke Nafarroako Gobernua eta nahi duten udalak.

2026-ko irailak 8

Nafarroa Garaiko haur eskola publikoen kudeaketa-eredua «hagitz katramilatua» dela salatu du STEILASek. Sindikatuaren arabera, gaur egun hainbat errealitate daude: zenbait haur eskola erabat publikoak dira eta udalek zuzenean kudeatzen dituzte; beste batzuk udalek sortutako enpresa publikoen bidez kudeatzen dira; eta gehienetan, berriz, kudeaketa pribatua da, nahiz eta eraikinak eta zerbitzuak publikoak izan.

Kudeaketa pribatuko haur eskolen artean, enpresa txikiak eta mikrokooperatibak daude, tartean langileek beraiek sortutakoak, baina baita zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresa handiagoak ere. STEILASen ustez, aniztasun horrek «nekosoa» egiten du langileen lan baldintzak hobetzeko negoziazioa.

Kudeaketa zuzena eta publifikazio osoa

Hezkuntza Departamentuak 0-3 zikloaren kudeaketa zuzena egitea aspaldiko aldarrikapena dela gogorarazi du sindikatuak. STEILASen arabera, aldarri horrek indar berezia hartu zuen 2022an, 0-3 Plataformak eta gehiengo sindikalak egindako mobilizazioen ondoren.

Sindikatuak nahi du Nafarroako haur eskola publiko guztiak Hezkuntza Departamentuaren kudeaketapean egotea, 3-6 zikloarekin gertatu zen bezala. Hala ere, STEILASek salatu du zenbait udal, indar politiko eta eragile ez daudela prest helburu hori lortzeko urratsak egiteko.

Sindikatuaren esanetan, kudeaketa pribatuak ondorio kaltegarriak ditu langileentzat, gehienak estatuko hitzarmenen mende baitaude. Egoera hori, batez ere, «soldata baxuetan eta bestelako lan eskubideetan» islatzen dela adierazi du.

Horrez gain, STEILASek nabarmendu du kudeaketa-eredu horrek udal txikiei «sekulako zama ekonomikoa eta burokratikoa» eragiten diela, besteak beste, kontratazio-zerrendak eta oposizioak kudeatu behar dituztelako.

Partzuergo bat, trantsiziorako bide gisa

Egoerari aterabidea emateko, STEILASek Nafarroa Garaian haur eskola publikoen partzuergoa sortzea proposatu du. Sindikatuaren arabera, behin-behineko neurri bat litzateke, Hezkuntza Departamentuak 0-3 zikloaren kudeaketa osoa bere gain hartu arte.

Proposamenaren arabera, Nafarroako Gobernuak eta parte hartu nahi duten udalek osatuko lukete erakundea. Ez litzateke beharrezkoa izanen hasieratik udal guztiek parte hartzea; aitzitik, egitura denborarekin zabaltzea planteatzen du sindikatuak.

STEILASek azpimarratu du trantsizio hori 0-3 zikloko eragile guztiekin elkarlanean egin beharko litzatekeela, hausnarketa eta parte-hartze prozesu baten bidez.

Langileen subrogazioa, ardatz

Sindikatuak proposatu du partzuergo berriak haur eskoletan lanean ari diren langile guztiak kudeatzea. Enpresa pribatuetako langile kontratatuak subrogatzea eta funtzionarioak erakunde berriari atxikitzea aurreikusten du.

STEILASen arabera, badira Nafarroan antzeko prozesuak egin izanaren aurrekariak. Iruñeko Udalak, esaterako, Hello haur eskoletako langileak subrogatu zituen 2015eko urtarrilean. Ordura arte, hezitzaileek Avanvida S.L. enpresan egiten zuten lan; sindikatuak azaldu duenez, subrogazioaren ondoren antzinatasuna eta finkotasuna mantendu eta aitortu zitzaizkien.

Halaber, 2003an Iruñeko udal ikastoletako funtzionarioak Nafarroako Gobernuaren plantillari atxiki zitzaizkiola gogorarazi du STEILASek. Sindikatuaren ustez, aurrekari horiek erakusten dute «borondate politikoa» egonez gero, partzuergoaren gisako egitura bat martxan jartzea posible dela.

Eraikinak udalen esku, langileen kudeaketa partzuergoaren esku

Eraikinei dagokienez, bi aukera planteatu ditu sindikatuak. Batetik, haur eskolen eraikinak udalen esku mantentzea, gaur egun Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako eraikinekin gertatzen den moduan. Bestetik, partzuergoak eraikinak bere gain hartzea eta haien mantentze-lanez osoki arduratzea.

Nolanahi ere, STEILASen proposamenaren arabera, langile guztien kudeaketa partzuergo berriaren esku egonen litzateke. Erakundearen lan baldintzak Nafarroako Gobernuaren haur eskoletako langileen baldintzekin parekatzea ere planteatu du sindikatuak.

«0-3 zikloari duen hezkuntza izaera aitortzeko garaia»

STEILASek uste du haur eskola publikoen erabateko publifikazioa beharrezkoa dela, langile guztien lan baldintzak hobetzeko eta familia guztien eskubidea bermatzeko. Sindikatuak aldarrikatu du familia guztiek izan behar dutela aukera 0-3 ziklo publikoan beren seme-alabak eskolatzeko, eta euskararen inguruko diskriminazio eta «euskarafobia» alde batera uzteko.

«Bada garaia haur eskola publiko guztiak erabat publifikatzeko», adierazi du STEILASek. Sindikatuaren hitzetan, «publifikazioari amaraunak kentzeko eta 0-3 zikloari duen hezkuntza izaera aitortzeko» unea da.

Gehiago