Hatortxurock jaialdiak laguntza eskatzen du behar diren txanda guztiak betetzeko
Uztailaren 27tik 30era Euskal Herriak ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena eginen da Lakuntzan. Hatortxu Rock 20. edizioa dispertsioaren aurkako erronka erraldoi bat izanen da, eta erronka erraldoi honi aurre egiteko laguntza eskatu du HTXko antolatzaileek.
2017-ko uztailak 18
Azken egunetan, herritar asko batu dira #6718taupada kanpainari. 6718 pertsona dira Hatortxu Rock 20 elkartasun jaialdiak behar dituena txanda guztiak betetzeko, eta momentuz 5000 lagunek eman dute izena. “Bakoitzak ahal duen neurrian, denon artean antolatuko dugu Hatortxu Rock 20 eta denon artean ekarriko ditugu etxera”.
Azken egunetan HTX20 behar dituen egiturak eraikitzen ari dira, eta nahi duenak ere Lakuntzara joan daiteke laguntzera. Datorren asteburu honetan auzolan erraldoia eginen da azken ukituak emateko.
ELA, LAB, ESK, CGT, STEILAS eta HIRU sindikatuek bat egiten dute Hatortxurock-ekin
Hatortxurock “musika-jaialdi bat baino gehiago” dela eta euskal presoei aplikatzen zaien sakabanatze-politikaren ondorioak salatzeko eta arintzeko ekimen honetan parte hartzeko deialdia luzatu dute euskal geihengo sindikalak.
“Sakabanatze-politika zigor gehigarri bat izan da euskal presoentzat, eta baita haien ahaide eta lagunentzat ere (helduak, haurrak eta adinekoak). Horiek astero milaka kilometro ibili beharrez daude. Diru-hustea eta nekea ez ezik, errepidean istripuak izateko arriskua ere badago, eta arrisku hori benetakoa da, orain arte ehunka ahaidek zauriak eta kalteak jasan dituzte errepideetan, eta haietako 16 hilik geratu” direla salatu dute sindikatu hauek.
Ondorioz, sakabanatze-politika “gizagabea eta mendekuzkoa” dela esan dute, eta politika horri gaur egun eustea “onartezina” dela azpimarratu dute.
Horregatik ELA, LAB, ESK, CGT, STEILAS eta HIRU sindikatuek dei egiten dute Hatortxurock jaialdian parte hartzera, eta batik bat igandean, uztailak 30, eginen den sakabanatzearen aurkako ekitaldian.