Hatortxurock jaialdia bertan behera pandemiak sortutako “ziurgabetasun egoera dela eta”

Hatortxurock jaialdiko arduradunek egindako urjentziazko agerraldian azaldu dutenez, osasun egoeraren ondotik sortutako ziurgabetasun egoera dela-eta, abenduaren 18rako iragarrita zegoen festibalaren 25. edizioa bertan behera uztea erabaki dute. Errepresaliatu eta euren senideekiko musika festibal honetarako saldutako sarreren dirua itzuliko dute.

2021-ko azaroak 26

Albiste txarra gaur Hatortxu Rock jaialdiko arduradunek eman dutena. Covid-19en kutsatu kopuruak gora egin eta egoera pandemikoak okerrera egin eta gero, Hatortxu Rock 25 bertan behera uztea erabaki dute.

“Garai zaila bizitzea egokitu zaigu gizarte osoari. Eta Hatortxu Rock ez da libratu. Garai zailak kultura eta musikaren sektorearentzat. Garai zailak ere elkartasunarentzat. Pentsa, zein garai zaila euskal preso politiko eta haien senideentzat”, aipatu dute.

Beraz, bi urte jarraian HTX ez da ospatuko fisikoki. Izan ere, 2020an ikus-entzunezko produktu bat egin zuten. Aurten, Atarrabiako karpara itzultzeko aukera erabat baztertuta egon ez arren, beste eskema batzuekin lanean hasi ziren. “Hauei forma ematen ari ginela iritsi zen 2021eko irailaren 28a. Maria Chivitek, Nafarroako lehendakariak, koronabirusaren ondorioz hartutako neurri guztiak bertan behera utzi zituen, musukoa izan ezik. Egun gutxi lehenago Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egoera pandemikoa amaitutzat eman zuen”. Eta orduan animatu ziren betiko formatoan HTX jaialdi bat antolatzera. Baina azkenengo eguneko albisteak ikusita, atzera egin dute. “Orain, dena antolatuta dugunean, bertan behera utzi beharrean gaude. Ez dago argi zein neurri ezarriko diren datozen asteetan eta ezjakintasun horrek, inestabilitate horrek, Hatortxu Rock erabat hipotekatzen du. Ez da soilik aurten ezingo diogula dispertsioaren aurkako borrokari ekarpenik egin, ezingo ditugula honek suposatzen dituen arriskuak nahi genuen moduan salatu edo ezingo ditugula dakartzan gastuak leundu. Egoera honek zulo ekonomiko handia sortuko dio Hatortxu Rocki”, azaldu dute.

Hartutako erabaki hau galera ekonomiko garrantzitsu bat izango dela aitortu dute, baina okerrago litzateke erabakia atzeratzea. “Gaur zen hastekoa muntaia eta horrekin batera, aurrerago bertan behera uztera behartuak egongo bagina, gure galerak 10 aldiz biderkatuko lirateke. 25 ediziotan hazitako proiektua, urtero-urtero elkartasun ekarpen ekonomiko handi bat egiten duena, ezin dugu modu horretan hipotekatu. Ezin dugu Hatortxu Rock arriskuan jarri”, esan dute.

Datozen egunotan, sarrera erosi duten guztiei mezu bat bideliko diete dirua berreskuratu nahi duenak berreskuratu ahal izan dezan. Hala eta guztiz ere, hurrengo urterako zehaztu diren bi data gogoratu dituzte. Bata, udaran eginen dena; 2022ko uztailaren 28 eta 29an Atarrabian. Bestea, ohikoa, 2022ko abenduaren 17an.

Bitartean, gogoratu dute badela elkartasuna emateko beste hainbat bide. Adibidez, webgunean arropa denda dago. Aurtengo eskaintza badago dagoeneko eskuragarri eta, hurrengo astetik aurrera, promozio eta hainbat produkto berri ere egonen dira eskuragarri.

Gehiago