Hatortxurock 28, amaiera berri bat

Hatortxurock elkartasun jaialdiaren 28. edizioa ospatu da gaur Atarrabian. Euskal errepresaliatu guztiak etxeratzeko helburua duen musika festibalak milaka lagun bildu ditu berriz ere. Jaialdia aurrera eramateko, boluntarioen lana ezinbestekoa izan da. Sarrera guztiak agortu dira. Antolatzaileek oso positibotzat jo dute edizio hau, baina salatu dutenez, bi eraso matxista izan ziren.

2023-ko abenduak 17

Txiki geratu zen Atarrabiako karpa atzo ospatu zen Hatortxurock jaialdian. “Txiki, baina elkartasunez lepo”, baieztatu nahi izan dute antolatzaileek ohar baten bidez.
“Urruntze politika amaitu da eta horrekin Euskal Herriko gatazkaren egoera guztiz aldatu. Baina
badugu memoria, eta maitasuna tonaka”. Horregatik, egindako ekitaldian sakabanaketa politikaren biktimak gogoratu zituzten: Sara Fernandez, Rosa Amezaga, Arantza Amezaga, Pilar Arsuaga, Alfonso Isasi, Antxoni Fernandez, Jose Mari Maruri, Mari Karmen Salbide, Ruben
Garate, Iñaki Saez, Asier Heriz, Argi Iturrlade, Iñaki Balerdi, Leo Esteban, Natividad Junko eta
Karmele Solaguren.

“Urruntze politika iragana da, bai, baina oraindik ez da dena konpondu”, aitortu dute antolatzaileek, eta hurrengo erronka “iraganera betikotzen gaituen egoerari astindu bat
eman eta euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen aferari irtenibide bat ematea” dela azpimarratu dute. “Amaiera berri bat dugu ortzimugan”.

Milaka lagunekin bete egin ziren atzo Atarrabian jarritako karpak. Eta dena ongi antolatzeko eta jaialdia behar den bezala ateratzeko, 500 lagun inguru aritu ziren lanean.
“Zer
nolako altxorra den gaur egun ehunka pertsona, modu boluntarioan, maitasunez, lanean jartzea
eta horrelako emaitza lortzea”, dio oharrak.


Eraso matxistak

Hala ere, jaialdia ez da borobila izan. “Borobila izatetik urrun egon da”, diote antoltzaileek, izandako bi eraso matxistei erreferentiza eginez. “Argi esaten dugu, preso, iheslari eta deportatuen aferari
irtenbidea denon artean eman behar diogu eta horregatik nahi dugu ahalik eta jende gehien
batzea Hatortxu Rockera. Baina argiago diogu zu, erasotzaile hori, ez zarela ongietorria. Hatortxu
Rockek guztiontzako gune seguru bat izan beharra dauka eta horretan ere lanean jarraitu beharko
dugu.”

Gehiago