Hatortxu Rock jaialdia aurkezteko 15 kontzertu eginen dira Euskal Herrian zein nazioartean
Berlin, Gernika, Gasteiz, Zumaia, Iruñea, Donapaleu, Tolosa, Bilbo, Manresa, Elorrio, Paris, Madrid eta Agurainen izanen dira aurkezpenak.
2017-ko apirilak 4
Igandean Lakuntzan aurkeztu zen HTX20 jaialdia eta kontzertu erraldoi hau iragartzeko Euskal Herrian eta nazioarten eginen diren beste 15 ikuskizunak.
HTX20 jaialdiak musikaren bitartez egiten du dispertsioaren kontrako eta errepresaliatu politikoen eskubideen aldeko lana, eta 15 aurkezpen eginen ditu Hatortxu Rockek, bai Euskal Herrian bai nazioartean ere. Apirilaren 14ean non eta Berlinen emango diote hasiera birari, Estricalla eta Perlata taldeekin batera. Hilaren 16an, Gernikan, Aberri Egunean, Hesian eta Altxatu izango dira, eta 22an hitzordu bikoitza: Gasteizen Voltaia eta Strombers eta Senperen Revolta Permanent eta Kop. Biharamunean, apirilaren 23an, Zumaian, Lur J eta ETS izanen dira. Hilaren 29an, berriz ere, bi aurkezpen: Iruñeko Txantrea auzoko jaietan Oharkabe eta Bad Sound egonen dira eta Donapaleun, aldiz, Su ta Gar.
Maiatzak 5ean, Tolosan, Benito Lertxundi igoko da oholtzara eta Bilbon, Juantxo Skalari & The Rude Band eta Zartako K. Maiatzaren 13an Herrialde Katalanetan izango dira, Manresan, Def con Dos, Escuela de odio eta Niña Coyote eta Chico Tornadorekin batera. Elorrion, egun berean, Kepa Junkera eta Sorginak egonen dira.
Biharamunean, Iruñeko Baluarten Korrontzik ‘Nafar loreak’ ikuskizuna taularatuko du. Maiatzaren 19an, hitzordu bikoitza beste behin. Agurainen, Ruper Ordorika eta Madrilen, Non Servium eta DJ Jotatxo. Amaitzeko Parisera joanen da Hatortxu Rock eta bidaian lagun izango ditugu Zea Mays eta bertako Premiere Ligne.