Harrotu zerbitzua defendatzeko deia egin du LGBTIQ+ eta Transbollomarikas kolektiboek

Asteartean bozkatuko dute Iruñeko Udalaren aurrekontuak eta ez dago argi Harroturen zerbitzuaren jarraipena bideragarria izanen den edo ez. LGBTIQ+ eta Transbollomarikas kolektiboek diotenez, Iruñeko Udalak ematen duen informazioa "ez da batere argia izaten ari". Ez dute Harrotu zerbitzua murriztea nahi, eta sare sozialetan hasi dira euren kezka azaltzen.

2020-ko abenduak 21

Duela urtebete kalera irten ginen Iruñeko Udalak Harrotu zerbitzurako aurreikusi zituen aldaketak publikoki salatzera. Uztailean, Harrotu zerbitzuaren egitura-proposamen bat erregistratu genuen, hemen sinatzen dugun kolektibook adostutakoa. Proposamen horretan argi utzi zen zein zen zerbitzuak izango zuen galera orokorra, baina horretarako beste lan-ildo batzuk ere sartu ziren, eta horiek gauzatuz gero, beharrezkotzat jotzen dugu, gutxienez egungo baliabide ekonomiko eta pertsonalak izatea. Hori guztia LGTBIQ+ pertsonen eskubideen alde lan egiten jarraitzeko, eta herritar guztiei kalitatezko eta berotasunezko zerbitzua ematen jarraitzeko.

Gaur esan behar dugu, LGTBIQ+ arloko 2021eko aurrekontuetarako Navarra Suma proposamena ikusita, oso kezkatuta gaudela Harroturen jarraipenarekin. Aurreproiektu horretan, aurrekontuak aldaketarik gabe onartuz gero aurrera aterako litzatekeena, zerbitzua kudeatzeko ezarritako diru-kopurua zerbitzua urte osoan orain arteko baldintza berberetan mantentzeko behar denaren erdia izango litzateke: egungo langile teknikoen kopuruarekin, eta Iruñeko herritarrek merezi duten eraginkortasunarekin eta zerbitzuarekiko hurbiltasunarekin.

Horri buruz galdetzean, eman zaigun informazioa ez da batere argia. Nork ziurtatzen digu Harroturen jarraipena, horretarako zenbateko osoa datorren asteartean eztabaidatu eta bozkatuko diren aurrekontuetan jasotzen ez denean? Nola egon gaitezke ziur Harrotuk urte osoan jarraituko duela orain arteko baldintza berberekin: egungo langile teknikoen kopuruarekin eta zerbitzua kalitatez eta berotasunez aurrera eramateko behar diren baliabideekin?

Hitzez gain, ekintzak ere behar ditugu. LGTBIQ+ pertsonok desberdintasuna, diskriminazioa eta etengabeko erasoak jasaten jarraitzen ditugu, eta beraz, berebiziko garrantzia du sexu- eta genero-aniztasunaren arloko baliabideak erabat mantentzen direla bermatzea, baliabide horiek gure beharrei erantzungo baitiete eta gure eskubideak bermatuko baitituzte. Izan ere, Harrotuko murrizketek LGTBIQ+ pertsonen eta herritar guztien eskubideen murrizketak ekarriko lituzkete.

Ezin dugu ahaztu pandemiaren egungo testuingurua. Hilabete hauetan asko ikasi dugu, eta argi utzi duen gauzetako bat da birusaren ondorioek eragin handiagoa dutela sistema zisheteropatriarkalak urratutako pertsonengan eta kolektiboengan, LGTBIQ+ biztanleriarengan, esaterako. Ikusgarriak eta libreak izan ezin garen etxeetan konfinatuta egon gara, sozializazio-espazio seguru urriak galdu ditugun, edo gure lan prekarioak galdu ditugun edo askoz ere prekarizazio handiagoa izan dugu.

Iruñeko Udalaren eskubideen murrizketa hori ez da LGTBIQ+ komunitatearentzat bakarrik. Ez ditugu ahaztu Haurren eta Nerabeen Arretarako Komunitate Taldeak; izan ere, hilabeteak daramatzate beren zerbitzuak zuzenean ez desagertzeko borrokan. Horrek erakusten du zein diren Navarra Sumaren interesak: pertsona guztien eskubide sozialak murriztea.

Beraz, gainerako udal talde politikoen erantzukizun politikoa eskatu nahi dugu, proposamen hau onar ez dadin, eta, ondorioz, gure hirian LGTBIQ+ pertsonen eskubideen murrizketa hori ekiditeko. Murrizketa hori saihesteko beharrezkoak diren zuzenketak aurkez ditzazuela eskatzen dizuegu, horrela LGTBIQ+ pertsonentzako ezinbesteko zerbitzuaren jarraitutasuna errazteko, arestian aipatutako baldintzetan.

Horregatik guztiagatik, behean sinatzen duten kolektibook eta horien militanteok kanpaina bat hasiko dugu sare sozialetan, #Harrotudefendatu #defenderHarrotu hastag pean.

Bide batez, herritar guztiak animatzen zaituztegu sare sozialak mezuz, argazkiz, marrazkiz eta abarrez betetzera, hastag horrekin, Harrotu eta LGTBIQ+ eskubideen alde.

Gehiago