Harrotu orain arte bezala mantentzeko proposamena egin dute LGTBIko mugimendutik
Iruñeko Udalak egin nahi dituen murrizketen aurrean, Harrotu Iruñeko Udalaren LGTBI zentroak egiten duen lana defendatu dute eta zerbitzu honetan atzera ez egiteko eskatu dute.
2020-ko uztailak 31
Harrotu Iruñeko Udalaren LGTBI zentroak egiten duen lana arriskuan dago. Izan ere, Iruñeko Kultura eta Berdintasuneko Alorrak pasa den abenduan jakinarazi zuen bukatu eginen zela Harrotuk ematen duen zerbitzuetako bat, hain zuzen ere Sexu Aniztasunaren eta Generoaren Arretarako Zerbitzua. Horretarako emandako arrazoia da Nafarroako Gobernuak zerbitzu bera ematen duela.
LGBTIQ+ taldeek eta talde transbollomarikek jada jakinarazi diote bai Nafarroako Berdintasunerako Institutuari bai Iruñeko Udalari bi zerbitzu horiek elkarren osagarri direla, eta aipatutako zerbitzua etenda galdu egiten dela orain arte zegoen eredu integrala.
“Uste dugu galera handia dela; izan ere, bertan behera uzten bada Sexu Aniztasunaren eta Generoaren Arretarako Zerbitzua, alde batetik asko ahultzen da Harrotuk eskaintzen duen eredua; eredu horretan, bat egiten dute parte-hartzeak eta akonpainamenduak. Hau da, bat egiten dute ahalduntze kolektiboak eta indibidualak. Eta, beste alde batetik, azpi-baloratu egiten da arlo honetako profesionalen lana; izan ere, irudi du haien lan bakarra direla aholkularitza sexologiko eta juridiko soilak, hau da, banakoei hitzorduak ematea, baina askoz ere eginkizun gehiago betetzen dituzte: sentsibilizaziorako materialak egitea, prestakuntza ematea, herritarrak sentsibilizatzeko programak prestatzea, etab”, azpimarratu dute talde hauek.
Hemendik hilabete gutxira aterako da baldintza-agiri edo plegu berri bat Harrotu kudeatzeko, eta agiri horrek ezarriko duelako nolakoa izanen den Harrotu: funtzionamendua, baliabideak, eta esku hartzeko izanen den ikuspegia. Orain arte, Harrotu zerbitzu aitzindaria izan da Estatu guztian. Horregatik uste dute aurrerantzean ere LGTBIQ+ taldeen beharrek eta balorazioek markatu behar dute Harroturen norabidea, eta ez alderantziz.
“Entzun egin digute, baina ez dugu sentitu kontuan hartu gaituztenik”, salatu dute. Iruñeko Udaleko talde guztiei azaldu diete zer zen haientzat Harrotu, eta nolakoa izan behar duen euren iritzian, eta proposamen bat osatu dute.
“Hilabete hauetan harat-honat ibili gara, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Kultura eta Berdintasuneko Alorrak elkarri egotzi diote erantzukizuna, zorabiatu gaituzte. Harroturen izaera integralari eutsi egin behar zaio, gutxien-gutxieneko baldintzekin, eta zerbitzua jada kaltea jasaten ari da”, esan dute haserre.
Proposamenean zehazten dutenez, Harrotuk honako zerbitzu hauek izan behar ditu: Alde batetik, informazio zerbitzua, baita ere topagunea izan behar da. Bestetik, ahalduntze zerbitzua eman behar du, eta LGTBIfobiaren kontrako behatoki lanak egin behar ditu. Azpimarratzen dutenez Harrotu gune bat da LGTBI+ pertsonen trukerako, topaketarako eta ahalduntze indibidual eta kolektiborako, eta ezinbestekotzat jotzen dute sarbide libre eta autonomoa izatea, gunea eta materialak erabiltzeko. Langile nahiko izatea eta profesionalak izatea gaur egun dagoen egitura mantenduz ere eskatzen dute.
“Iruñeak jarraitu behar du aitzindaria izaten LGTBI+ pertsonen arretan. Ez dugu nahi Harrotu bat eratu dena kolektiboak kontuan hartu gabe.”, adierazi dute, eta atzera egitea ez dutela onartuko ziurtatu dute. “Ezin dugu murriztu hainbeste jenderentzat funtsezkoa den zerbitzu bat. Jarraitu behar dugu kalitatezko zerbitzu baten alde egiten, edukia eta aurrekontua dituen zerbitzu baten alde.”