H28 aldizkaria Nafarroako Komik Azokan zentsuratu dutela salatu dute

Tortura eta Opus Dei erakundearen inguruko bi marrazki zentsuratu ditu Azokak, eta H28 aldizkariaren arduradunek bertan ez parte hartzea. Aldizkari satiriko honen bilduma Katakrak-en ikusteko aukera izanen da datorren astetik aurrera.

2016-ko irailak 1

Nafarroako VII. Komiki Azokako antolatzaileek H28 aldizkari satirikoaren bi lan zentsuratu dituztela salatzeko agerraldia egin dute gaur Iruñeko Katakrak-en. Aldizkariaren izenean aritu diren Asisko Urmenetak, Joseba Exprai-k eta Zaldi Eroak azaldu dutenez, 14 piezako bilduma bat egiteko eskaera jaso zuen aldizkariak orain hiru aste, azokaren barruan fanzineen inguruko erakusketa batean parte hartzeko. Hautaketa aldizkariaren esku utzi zuten, baina gero atzera bota dituzte bi irudi, eta aldizkariari hitzez hitz azaldu diotenez, lanen edukia izan da arrazoia.

Zehazki, Opus Deiri eta pedofilia eskandaluei erreferentzia egiten die zentsuratutako biñetatariko batek, eta Guardia Zibilak Burlatan “Tortura” zioen margoketaren harira egindako atxiloketak ziren atzera bota duten beste biñetaren gaia. H28 aldizkari saretirikoak uko egin dio horregatik azokan parte hartzeari. Salatu egin du zentsura eta, gainera, erakusketa antolatu du zentsuratutako irudiekin Iruñeko Katakrak aretoan. “Guk ezker-eskuin hostiak jotzen jarraituko dugu”, adierazi dute marrazkilariek gaur eskainitako prentsaurrekoan. “Aldizkari satiriko bat gara, satira egiten dugu, eta satira egiten jarraituko dugu”.

Opus Dei-ren inguruko marrazkia atzera botatzeko ondorengo arrazoiak eman dizkio Tiza elkarteak aldizkariari. “Opusena gehiegizkoa iruditzen zaigu, ez dugu uste kolektibo oso hau pedofiliaren gaiaren barruan sartu beharko litzatekeenik. Eztabaidatu litekeen kontu bat izan liteke, baina ez dugu egoki ikusten”. Zentsuratutako beste lanaren kasuan, berriz, ondoko argudioak eman ditu antolakuntza taldeak. “Ez zaigu horri buruz hitz egiteko lekua iruditzen, ez behintzat hain modu esplizituan. Egia da torturarena, baina beste modu batean ere esan daiteke”.

Lan horiek erakutsiz gero, etorkizuneko edizioetan azoka babesle pribatu batzuen laguntzarik gabe geratzeko arriskua ere egon daitekeela azaldu dute antolatzaileek. Nafarroako Kutxaren fundazioa, La Caixaren gizarte ekintza eta El Corte Ingles dira azoka diruz laguntzen duten erakunde pribatuak. Hori jakinik, eta proposamen ironiko bezala, H28 aldizkariko kideak prest azaldu dira antolatzaileei beren marrazkiek komiki azokan utziko duten hutsunea bete ahal izateko El Corte Inglesen katalogo bat helarazteko. “Bereziki interesgarriak dira, adibidez, altzariei eta etxe tresnei buruzko orriak. Akaso horrela prezioa izango da Tiza elkartekoek edukiko duten arazo bakarra, eta ez edukia”.

Erakunde publikoen laguntza ere jasotzen du jaialdiak, halere, “eta bereziki salagarri egiten du horrek azokaren jarrera zentsuratzailea”, H28 aldizkariko arduradunen iritzian.


Adierazpen askatasunaren aldeko aldizkari digitala

H28 aldizkari satiriko digitalak hilabetero sarean, doan, euskaraz, satira eskaintzen segitzeko konpromisoa berresten du gertakari honen ostean. 2015eko Charlie Hebdoren aurkako atentatuen ostean kaleratu zuen bere lehen zenbakia H28 aldizkari saretirikoak urte hartako urtarrilaren 28an. Euskal Herriko lehen lerroko 50 marrazkilari inguru bildu ditu geroztik bere orrietan, eta hilaren 28ro kaleratzen ditu marrazki satirikoak www.h28.eus orrialdean. Doako harpidetza bidez hilabetero aldizkaria emailera helarazteko aukera ere eskaintzen die irakurleei. Parisko atentatuek bezainbeste, haien inguruan izandako erreakzioak piztutako ezinegonak bultzatu zituen marrazkilariak aldizkaria sortzera. Eta lehen zenbakian kaleratutako editorialean agertutako galderak azal dezake sentimendu hori. “Hainbeste defendatzen dute denek adierazpen askatasuna orain, kezka sortu zaigula: nork defendatuko gaitu gu adierazpen askatasuna defendatzen dutenez?”.

Gehiago