#GureAhotsa Mannequin Challenge prentsa eta adierazpen askatasunaren alde

Adierazpen eta prentsa askatasunaren alde eta Ahotsa.info-ren kontrako kriminalizazio kanpaina salatzeko herri mugimenduarekin egindako Mannequin Challenge. Bestetik, gaur Iruñeko Udalak Ahotsa.info-ren lana babestu eta kriminalizazio saiakera berri hau salatu du.

2016-ko azaroak 21

Ahotsa.info agerkari digitala izan da gaur protagonista Iruñeko Udaleko Presidentzia batzordean. Bi adierazpen izan dira. Lehena, UPNrena. Udalak Ahotsa.infon jartzen duen publizitzatearen inguruan izan da lehena. Bigarrena, EH Bilduk berak eramandakoa, salatuz, Ahotsa.infok egunotan jasandako kriminalizazio kanpaina errefuxatzeko.

UPNren izenean Fermin Alonsok hartu du hitza. Komunikabideetan Iruñeko Udalak egiten duen diru-aportazioa zalantzan jarri du. Datuak ezkutatzea leporatu dio. Irizpiderik gabeko banaketa egitea ere bai. Eta gainera, gogorarazi dio Alonsok Udal Gobernuari, Ahotsa.info ez dela komunikabide bat, baizik, ezker abertzaleari propaganda egiteko webgune bat.

Ahotsa.infori udaleko informazioa jartzeagatik 3.000 euro pasatxo ematen zaizkiola defendatu du Patricia Peralesek udal gobernuaren izenean.

Hedabide bat da, esan du, eta jendearen babes handia duena gainera. Hori esateko, zenbait datu eman ditu: agerkari digital horrek duen bisita kopurua, urrian 115.000, youtubeko bere kanalarena, facebookekoa edo twiterreko jarraitzaile kopurua. Intosikazio kanpaina abian jarri izana leporatu dio UPNri eta onartezina dela iritzi du.

Hiru puntuko adierazpena eraman du UPNk. Lehenengoan zalantzan jartzen dute Ahotsa.info-ri ematen zaion diru-laguntza publizitate instituzionala jartzearen truke; ez da aurrera atera. Bigarrenak eskatzen zuen erakundeei igortzen zaizkien laguntzak bidezkoak izan daitezela, hori aurrera atera da eta azkena aho batez onartu da, gardentasunez jarduteko halako diru-laguntzak banatzeko unean.

EH Bilduren adierazpena onartu dute

Ahotsa.info agerkari digitalari azken egunetan egiten ari zaion kanpaina kriminalizatzailea salatu dute. Akusazio faltsuak egiten ari dira, intosikazio kanpaina egiten ari dira, jaso dute adierazpenean.

Zenbait sektoreri min egiten dien informazioa publikatzen duelako isilarazi nahi dutela uste dute. Adierazpen askatasunari oztopoak jarri nahi zaizkiola uste dute.

Hiru puntuko adierazpena izan da: lehenengoan, kriminalizazioa baztertzeko eskaera jasotzen da; bigarrenean, adierazpen askatasunaren alde egitea eta hirugarrenean, udalaren autonomia defendatzea halako diru-laguntzen banaketarako.

Ezker abertzalearen webgune bat dela berretsi du UPNko Isabel Elizaldek. Gorrotoa eragiteko baliatzen dutena. Alderdi sozialistak ez du babestu EH Bilduren adierazpen hori. Ez hanka ez bururik ez duelakoan daude.

Eguneroko lanean segituko du Ahotsa.infok

Altsasuko istiluen ondoren, Espainiako egunkari batek Ahotsa.info jarri zuela jomugan. Hortik eratorrita, sortu da gainerakoa. Miguel Angel Llamas Pitu da Ahotsa.info agerkari digitalaren sortzaile eta langileetako bat. UPNk leporatzen die, gorrotoa sortzea. Pituk uste du, tamalgarria eta onartezina dela hori esatea.

EH Bilduk aurkeztutako eta udal gobernua sostengatzen duten gainerako alderdien aldeko botoarekin “babestuta” sentitu direla nabarmendu du Pituk.

Gauzak horrela,oraingoz, eguneroko lanean segituko dute Ahotsa.infon. Hori izanen da euren estrategia, kriminalizazio kanpainari aurre egiteko.

Gehiago