Guardia zibilek ukatu dute auziperatuek Aroztegian indarkeriaz jokatu zutenik

Akusazioa ´talde antolatu´ izendapenean tematu bada ere, bi guardia zibilen lekukotzak kontra egin egin dio. Izan ere, ukatu dute bortizkeria izan zenik eta ekintzaileen jarrera baketsua izan zela.

2025-ko maiatzak 21

Aroztegiko zazpi auzipetuen aurkako epaiketak bigarren egunean osotara 13 guardia zibilek deklaratu zuten, 2021ean Elizondon, Urdazubin, Oronoz-Mugairin, Iruñean eta Etxalarren lanean aritu zirenak. Testigantzetan, asteleheneko lekukoek erran zutenetik guztiz urrundu dira. Guardia zibilek nabarmendu zuten ez zela bortizkeriarik egon bertaratu zirenen aldetik. Are, Elizondoko kuartelean aritzen zen guardi zibiletako batek nabarmendu zuen protestan ari ziren horien jarrera «baketsua» zela. Bertze batek gaineratu zuen ez zuela jenderik ikusi makinen gainean, asteleheneko narratibatik guztiz aldendurik. Iruñean lanean zegoen bertze polizia batek azpimarratu zuen bertakoak makinen aitzinean jartzen zirela, indarkeria erabili gabe. Bertze lekuko batek, bertan zeudenen «jarrera pasiboa» seinalatu zuen, eta gehitu zuen eserita eta beren artean solasean zeudela, inongo biolentzia kutsurik gabe.

Ahotsako kazetaria salatuta

Etxalarko kuartelean lan egiten zuen polizietako batek, bertaratutako egun batean pertsona gehienak identifikatu zituela erran zuen. Hura izan zen Ahotsako kazetaria salatu zuena, debekatutako leku batean egotea egotzita. Protestariek mehatxuzko jarrera zutela erran zuen eta auzipetuetako bat burutzat jo zuen. Solastatu zirenen gehienen artean nabarmena izan zen bertze norbaiten hitzak erabiltzen zituztela zenbait ekintza deskribatzeko; hots, hirugarren baten hitzetan ari zirela. Gehienek zioten kalteak ikusi bazituzten ere, ez zutela inor ikusi kalte horiek egiten.

Atsedenaldia eta gero, azken bi lekukoen txanda iritsi zen. Lehendabizikoak soilik, salaketaren tramitazioa egin zuela aipatu zuen. Bigarrenak, bideo eta argazki batzuen bidez akusatuetako zenbait lagun identifikatu zituela erran zuen, hala ere, onartu zuen ez zela gai denak identifikatzeko. Horretarako, herriko hirugarren pertsona batzuen laguntza behar izan zuen, ez zuen ordea adierazi zein izan ziren identifikazio horiek gauzatzeko laguntzaileak.

Gehiago