Greba orokorraren aukera zapuztu dela dio LABek, eta borroka ziklo berria antolatzen jarriko dituela bere indarrak iragarri du
Greba Orokorraren izaeraren eta kudeaketaren inguruan jarrera desberdinak izan dituzte LAB eta ELA sindikatuek, dio LABek, eta ondorioz deialdia ez da gauzatu. Hala eta guztiz ere, datozen asteetan lantokietan borroka sindikalak biderkatuko dituela ziurtatu du sindikatuak, kalean dinamika soziala hauspotu eta lan eta bizi baldintzak eraldatzeko euskal bide orria sustatzeko asmoarekin.
2021-ko abenduak 7
Euskal Herrian pandemia osteko garaiari ofentsiban ekiteko beharra eta baldintzak izanik, hilabeteak eman ditu LABek Greba Orokorra aldarrikatzen eta proposamena lantzen.
Maiatzaren Lehenean plazaratu zuen sindikatuak borroka ziklo berria abian jartzen lagunduko lukeen Greba Orokorraren beharra. Bi ikuspegitatik jotzen zen Greba Orokorra beharrezkotzat:
Alde batetik, pandemiak agerian utzitako hutsuneei nahiz langileongan izandako ondorioei erantzuna emateko; besteak beste, osasun sistemaren ez nahikotasuna, zaintza sistema publiko komunitario baten gabezia edota oinarrizkoak diren lanen izaera prekarioa.
Beste alde batetik, estatu mailan erabaki garrantzitsuak hartuko zirela jakitun (Europako Funtsek baldintzatutako pentsio erreforma eta lan erreforma, besteak beste), erabaki horietan eragin eta, batez ere, Madrilen posible ez den ibilbide eraldatzailea Euskal Herrian posible egiteko.
Ikasturte berriaren hasieran, beste hainbat eragilek adierazi zuten Greba Orokorraren aldeko jarrera, hala nola, pentsiodunen mugimenduak eta gehiengo sindikaleko gainontzeko sindikatuek. Bazegoen Greba Orokorra deitzeko gehiengo nahikoa, nahiz eta Greba Orokorraren izaeraren eta kudeaketaren inguruan jarrera desberdinak izan LABen eta ELAren artean.
Greba Orokorraren izaerari dagokionez, LABek Euskal Herrian borroka fase berri bat irekitzeko mugarri gisa ulertzen zuen bitartean, ELAk Madrilgo jokalekura eta agendara mugatu izan du. LABen ustez akatsa da hau, Madrilgo jokalekua eta agenda indartu, eta Euskal Herrian egin beharreko bide propioa mugatu egiten duelako.
Greba Orokorraren inguruko kudeaketari dagokionez, LABek greba deialdia lehenbailehen egitea proposatzen zuen, gertakarien eboluzioan ahalik eta eragin handiena izan zezan. Aldiz, ELAk Greba Orokorra urtea amaitu aurretik egin behar zela esaten bazuen ere, deialdia egiteko “une egokienaren zain” egotea hobesten zuen, Madrilen hartuko ziren erabakietatik Greba Orokorrerako pizgarria sortuko zelakoan.
Greba Orokorraren izaeraren eta kudeaketaren inguruan ikuspegi desberdinak egonda ere, bazegoen gehiengo sindikal eta sozial bat Greba Orokorra urtea amaitu aurretik deitzeko prest. Gauzak horrela, hiru hilabete hauetan zehar LAB Greba Orokorraren aurrelanketan aritu da, bakarka nahiz elkarlanean ekimenak antolatuz.
Urte amaiera gainean dugu eta, zoritxarrez, Greba Orokorra epea motzean antolatzeko prozesua kale itsura heldu da. ELAk Greba Orokorra urtea amaitu aurretik egiteko erabakia adierazi bazuen ere, greba deialdia gauzatzeari uko egin dio orain arte. Honela, Greba Orokorrik gabe amaituko da urtea. Grebaren pizgarri litzatekeen gertakari baten zain egoteak, gertakarietan eragiteko aukera galtzea suposatu du.
Greba Orokorra antolatzeko saiakera nahiko genukeen emaitzarik gabe amaitu da. Hala ere, guretzat Greba Orokorra ez da helburu bat, borroka aldi berri bat hauspotzeko tresna baizik. Momentuz tresna hau erabiltzerik ez badugu ere, borroka ziklo berria martxan jartzeko helburuari eutsiko dio LABek. Datozen asteetan lantokietan borroka sindikalak biderkatu, kalean dinamika soziala hauspotu eta lan eta bizi baldintzak eraldatzeko euskal bide orria sustatzen jarriko ditugu gure indarrak.