Goardia Zibilak Leitzako herritarrak isunekin ito egin nahi dituela salatu dute

Mobilizazioetan parte hartzeagatik 12.150 euro isunetan ezarri dizkiete. Hori salatzeko, martxoaren 29an manifestazio bat egingo da "Utzi pakean Leitza, diztela" lelopean.

2014-ko martxoak 13

Goardia Zibilak Leitzako herritarren aurka harturiko estrategia errepresiboa ez da berria, baina garai hauetan lehen baino min haundiago egingo duelakoan daude. Inori dirua soberan ez zaionean, Benemeritak Leitzako herritarrak isuntzen ari da mota ezberdinetako mobilizazioetan parte hartzeagatik. Momentuz, 12.150 euro zenbatu dira isunetan. Isun batzuk 450 eurokoak dira, beste batzuk 900 eurokoak. Guztira, 26 isun.
 

Leitzarren esanetan, Barne Ministroa Leitzara “bisitan” joan zenetik nabarmen okertu da egoera. "Maxurrenea herriarentzat izan dadin aldarrikatu denean, Torrea libre izan dadin eskatu denean edo euskal preso politikoen eskubideen aldeko defentsa egin denean, Guardia Zibilak bere benetako funtzio errepresiboa bete du, eta adierazpen askatasuna kolpatuz eta herritarrok gure kezkak aldarrikatzeko ditugun bide guztiak itxi nahirik isunak bata bestearen atzetik jasotzen ari  gara", salatu dute.

 

Historikoki, goardia zibilarekin gaizki

Leitzan Guardia Zibilaren jarrera historikoki "oldarkorra" izan delagogoratu dute, eta bertako herritarrek eta hainbat eragilek aspaldiko urteotan institutu armatuaren jarrera eta presentzia bera ere salatu izan dute behin eta berriz. "Guardia Zibilaren presentzia ez da interes soziala bermatzeko erabiltzen, kontrol politikoa ezartzeko eta errepresiorako tresna moduan baizik: kontrolak, identifikazioak, grabaketak, adierazpen askatasunaren eta elkartzeko eskubidearen aurkako jarrerak…", zerrenda ez da txikia.

Guardia Zibila Leitza-ko "herritarren kontra parez pare" jarri dela eta herritarrek euren aldarrikapenak adierazteko eta elkartzeko duten eskubidearen aurka jo dutela azpimarratuz, indar armatu honen presentzia "soberan" dagoela nabarmendu dute, eta gogora ekarri nahi izan dute Euskal Herrian bizi den egoera politikoa. Horren aurrean, "jazarpenean, kontrolean eta zigor politikoan sakontzen duten isunak soberan daude eta egoera politikoari egin diezaioketen ekarpenik baikorrena Leitzatik eta Euskal Herririk alde egitea da". Aldarrikapen horrekin burutuko da Leitzan, martxoaren 29an manifestazioa bat. Hitzordua, arratsaldeko 19:00etan Herriko Plazan, eta leloa "Utzi pakean Leitza, diztela".

 

Gehiago