Giza Eskubideen Behatokia, berriz martxan Estatuaren biktimei egia, justizia eta erreparazioa erdiesteko

2024-ko uztailak 1

Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia 2001eko otsailaren 20an jaio zen. 2015eko amaierara arte, funtzionamendu aktiboa izan zuen Estatuaren indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen biktimen defentsan, eta, bereziki, torturatuen eremuan. Bere ekimenak ugariak izan ziren nazioarteko espazioetan, hala nola Nazio Batuen sisteman eta giza eskubideen aldeko beste erakunde eta instantzia batzuetan.

Garai hartako testuinguru politikoarekin lotutako hainbat arrazoi tarteko, elkarteak jarduerak murriztu zituen 2016az geroztik, baina saioen aurrean garaiz erantzuten eta nazioarteko hainbat organori informazioa ematen jarraitu du.

Foro Sozial Iraunkorra desagertu ondoren, hutsune bat atzeman zuten “biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa izateko duten eskubidea defendatzeko zereginean, eta, bereziki, Estatuaren indarkeriaren ondorioz giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimek jasaten duten tratamendu asimetrikoari eta horrek haiengan eragiten duen diskriminazioari aurre egiteko”. Hortaz, Behatokia berriz martxan jartzeko hautua.

Nafarroan eta EAEn Estatuaren biktimak aitortzeko martxan jarritako legeak erreparaziorako ere aukera ematen dutela onartzen bada ere, justizia eskaintzeko aukera ematen ez dutela ohartarazi dute Behatokiko kideek, eta nazioarteko legediari egiten diote erreferentzia. “Giza Eskubideen Behatokiak giza eskubideen urraketen arloan dagoen nazioarteko legedian oinarritzen du bere eginkizuna, edozein dela ere bere jatorria, eta biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubidean eta berriro ez gertatzeko bermeetan”.

Estatuaren biktimek justizia lortzeko bere kabuz egin dutela bidea eta horrek diskriminazio handia suposatzen duela salatu du Behatokiak. Horregatik, bere jarduera estatuaren indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen azterketa eta salaketa espezializatua dagokion organoetan zentratuko du Behatokiak. Bestetik, estatuko biktimei egia ofiziala eta justizia bilatzeko aholkularitza eta laguntza emateko jarduerak garatuko ditu, eta ahal denean, prozesu judizialetan lagunduko du. Bestetik, giza eskubideen urraketen kasuei buruzko txostenak egitea eta lan horren guztiaren dibulgazioa eginen du Behatokiak baliabide eta modu ezberdinen bidez.

Gehiago