Azkoienek euskaraz seinalatuko ditu herriko kaleak Agerraldiaren laguntzarekin

2024-ko irailak 19

Atzo, osteguna, herriko plaka guztien aldaketa aurkeztu zuten Azkoienen, plaketan euskara ere egotearen helburuarekin. “Dena Agerraldia elkarteak, Azkoiengo bizilagunekin batera, kaleetako plakak aldatzeko eta euskaraz eta gaztelaniaz jartzeko egindako eskaeraren ondorioz hasten da. Eskaera hori plaka batzuk aldatu behar izatearekin lerrokatzen zen, plaka batzuk egoera txarrean zeudelako” zioen Juan Carlos Castillok Azkoiengo alkateak.

Nafarroako hizkuntza propioaren errekonozimenduan egindako aurrerapausoa da. Izan ere, herri honek, duela hamarkada batzuetatik hona, harrotasunez erakutsi du “Azkoien” dioen kartel bat, herriaren euskarazko izena erakutsiz.

Udalak dio badakiela non bizi diren eta zein den euskararen egoera eskualdean. Baina gogoan dute Azkoienen badirela euskara ulertzen, hitz egiten eta ikasten duenak ere. Gainera, Azkoiengo ikastetxe publikoan A eta D hezkuntza ereduak ematen direla gogorarazi dute.

“Herri-administrazio baten hizkuntza-paisaiak herritarren zerbitzura egon behar du, ahalik eta informaziorik onena eta osoena emanez. Informazioa euskaraz eta gaztelaniaz, Nafarroako berezko bi hizkuntzak, sartzea egoitza, kale edo kartelen errotulazioan zerbitzu hobea eskaintzea da. Gainera, Euskararen Foru Legea betetzeko helburuekin bat dator, hizkuntza babesteaz gain, Nafarroa osoan euskararen garapenaz eta sustapenaz hitz egiten baitu”, jarraitu zuen Castillok.

Alkateak gai ekonomikoari garrantzia kendu zion, baina 15.900,61 euroko aurrekontutik 13.515,52 euroko dirulaguntza jasoko dutela aipatu nahi izan zuen. Gastuaren % 85, 246 plakaren aldaketa eta kokapena finantzatzeko.

Azkenik, Azkoiengo Udalak eskerrak eman zizkion Euskarabideari eta Euskaltzaindiari egindako lanagatik.

Prentsaurrekoan beste herri batzuetako ordezkariak izan ziren: Sartaguda, Lodosa, San Martin Unx, Uxue eta Miranda Arga. Beren herrietako hizkuntza-paisaia aldatzeko urratsa eman duten herriak, edo laster hasiko direnak.

Agerraldia elkarteak zoriondu zituen beren herrietan aldaketa horiek sustatu dituzten elkarteak eta urratsa ematea erabaki duten Udalak. Agerraldiaren ustez, polita izaten ari da zonaldean sortzen ari den mugimendua, euskararen normalizazioaren bidean pauso txikiak badira ere, garrantzitsua delako hizkuntzaren presentzia kaleetan bermatzea.

Aipatu zuten herri gehiago daudela horrelako aldaketetan lanean, batzuen artean Lodosak aldaketa egin zuen, San Martin Unx eta Mendabia bidea hasten ari dira. Agerraldiaren ustez, herrien arteko elkarlana ere gako bat izan daiteke euskararen aldeko pausoak emateko orduan. Amaitzeko, hizkuntza-paisaia elebidunerako bideari ekin nahi dioten udal edo elkarteak laguntzeko prest agertu ziren.

Gehiago