Gerra maniobrak gelditzea eskatuko dute Bardeako tiro eremuaren aurkako martxan

Igandean eginen dute Bardeako tiro eremuaren aurkako XVIII. protesta. Maniobrak gelditu bitartean herrietako segurtasuna ziurtatzea ere eskatuko dute.

2015-ko ekainak 1

XVIII. aldiz eginen dute tiro eremuaren aurkako protesta Bardean. "Bardea inguruko herrietako segurtasuna ziurtatzeko eta gerra maniobrak gelditzeko eskatuko dugu", nabarmendu dute antolatzaileek. Bardeako Tiro Eremuaren Aurkako plataformak antolatu du baina Aragoiko No a las guerras de Ejea y pueblos izeneko plataformaren babesa ere badute, baita, alderdi politiko, sindikal eta gizarte eragileena ere.  

Bardeako tiro eremuan 'Ekaitza' izeneko ariketak egin dituzte egunotan. Guztira 32 jaurtigai bota dituzte Bardeako eremu babestuan; guztira hamar tona bonba baliatu dituzte 24 gerra hegazkinen bidez: tartean izan dira bi Maverick misil eta gidatutako beste lehergailu mota batzuk. Maniobra errealak direla salatu dute Bardeako tiro eremuaren aurkako plataformak. Urtero egiten dituzte gisa bereko ariketak, Espainiako Defentsa Ministerioak alokatuta baitauka lur eremua 2028ra arte.

Tiro eremuaren aurkako plataformak gogorarazi du ezbeharra izan zela duela bi aste. Hegazkin militar batek bi lehergailu jaurti zituen tiro eremutik kanpo. Auto batetik 50 metrora erori zen. Espainiako Gobernua gertatutakoa ikertzen ari da.

Bien bitartean, egoera salatzen segituko dute. Igandean martxa eginen dute urtero bezala Bardean.

Gehiago