Gazte Euskaltzaleen Sareak azaroaren 4an euskararen aldeko manifestazioan parte hartzeko deia egin du
Euskaldunek oldarraldi «judizial, politiko eta soziala» jasaten ari direla nabarmendu dute, eta horri aurre egiteko euskararen alorrean urrats sendoak emateko garaia dela adierazi dute.
2023-ko urriak 24
Gazte Euskaltzaleen Sareak Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren4an deitu duen mobilizazioari atxikimendua adierazi dio, eta gazte blokea osatuko duela iragarri du.
Euskaldunek erasoaldi «izugarria» jasaten ari direla salatu dute gazteek: «Oldarraldi judiziala da ofentsiba honen azken adierazle garbiena, baina euskaldunon aurkako oldarraldia judiziala izateaz gain, politikoa, soziala eta ideologikoa ere bada». Egoera hori toki batzuetan oraindik eta larriagoa dela azaldu dute. «Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, esaterako. Nafarroako zonifikazioak euskara herritarrongandik urruntzeko helburua du; gure belaunaldiarentzat sinestezina da oraindik jaio garen tokian jaio izanagatik, eskubide gutxiago izatea; Nafarroa hirutan zatituta ikustea. Urteak aurrera doaz, baina hemen, gauza batzuek estankatuta jarraitzen dute. Aurrera egiteko ezintasun hori, guretzat, atzera joatea da. Eta orain aurrera egiteko garaia da. Gure belaunaldiak aurrera egin nahi du».
Oldarraldiaren eragileak hainbat direla esan dute. «Alde batetik, komunikabide batzuek geroz eta lotsa eta disimulu txikiagoarekin hauspotzen duten gezurra daukagu: euskaldunok pribilegiatu eta inposatzaile modura saltzen gaituen errelato tranpatia, euskal herritarrak euskaratik urruntzeko asmoz». Aldiz, ahalegin horien kontrara, euskara bestelako tresna dela uste dute gazteek. «Euskara gizarte kohesiorako tresna da, belaunaldi berriak ahalduntzeko tresna da, jendartea herri honen komunitatera lotzeko tresna da. Tresna baliotsu eta erabilgarria, alegia».
Euskararen aurkako jarrerek zapalkuntza betikotzen dutela uste dute. «Titular sentsazionalistetan eta datu faltsuetan oinarriturik, ikasteko edo erabiltzeko ilusioa eta gogoa zabaldu beharrean, gorrotozko eta gutxiespenezko mezuak zabaltzen dituzte, hain zuzen ere, gure hizkuntzaren aurkako zapalkuntza sistematiko hori betikotu dadin».
Egoera larritasunez bizi dute, «benetan, kezkaz bizi dugu parean ditugun aukeren aurrean, atzera eginarazten digutenen arduragabekeria. Euskararen normalizazioan bizi den belaunaldia garela saldu nahi digute, baina errealitatearen argazkia guztiz bestelakoa da. Euskaraz bizi nahi eta ezin duen belaunaldia da gurea, baina aurrera egin nahi duena ere bai. Aurrera egin ezean, atzera goazelako; gure asmoa eta aldarria argia da», aitortu dute gazteek.
Euskararen alorrean aurrera egiteko hainbat eskuren bultzada behar dela azaldu dute: «Sarritan esan izan dugu, euskara ez dela berez aurrera joango, aurrera eraman behar dugula guk guztiok. Eta horretarako, herri bultzada indartsu bat behar dugu, alde eta esparru guztietatik bultza egingo duena. Baldintza duin eta sendoak behar ditugu euskara aurrera eramateko. Bada ordua, behingoz, euskal hiztunoi dagozkigun eskubideak bermatu eta gure hizkuntzan askatasunez jarduteko; gure jatorria edozein izanda ere, gure bizitokia edozein delarik ere».
Erasoaldiari «herri erantzun sendo bat» eman behar dela azaldu dute gazteek eta azaroaren 4an euskararen alde deituta dagoen mobilizaziora batzeko deia luzatu dute, eta gazte blokea osatuko dela ere iragarri dute. Hitzordua, 17:00etan Bilboko Jesusen Bihotzetik hasita.