Gaur hasiko dira Iturramako jaiak, adin guztiendako ekitaldi eta jarduerekin

Giroa berotzen hasi da Iturraman, eta gaur bertan abiatuko dira auzoko jaiak. Txupinazoa arratsaldean jaurtiko dute, kirolari ezagunen eskutik. Unai Laso pilotariak, Unai Garcia futbolariak eta June Aldaregia eta Aida Torado piraguistek piztuko dute txupina, ELA gaixotasuna duen Alberto Armendariz Txapelarekin batera. Suziria lehertzearekin batera denetarik izanen da Bulebar plazan ezarri duten jai gunean.