Gaur hasiko da Herri Unibertsitatea NUPen

Gaur astelehena, bihar eta etzi hitzaldiak, tailerrak eta mobilizazioak izango dira. Ikasleek unibertsitatea okupatzeko asmoa dute, "inposatzen" diren erreformei aurre egiteko eta Euskal Eskola Nazionala pausoz pauso eraikitzen joateko. Lizarran ere mobilizazioak izango dira.

2015-ko martxoak 16

Bi aste pasa dira Euskal Herriko ikasle mugimenduak espainiar estatuko herri zapalduetako beste ikasle mugimenduekin batera, Europar Batasunak, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak burutu nahi dituzten hezkuntza erreformen aurka borroka egun bateratua burutu zuenetik.

Orain, Hego Euskal Herriko campusak Herri Unibertsitateak bilakatuko dituzte aste honetan. Bertan, eraikinak hartu eta ikasle, zein herriko eragile eta norbanako ezberdinek klase alternatiboak, hitzaldiak, tailerrak, kultura ekimenak… eskainiko dituzte. Aldarrikapenak eta mobilizazioak ere ez dira faltako unibertsitate nahiz herriko kaleetan.

Iruñeko campusean, NUPeko ikasle asanbladak antolatu ditu ekimenak. "Euskal Eskola Nazionala ez da etorkizunean zerutik etorriko den eredu utopikoa. Oraina borrokatuz eta eraikiz, eskuratuz joango garen helburu estrategiko bat da Euskal Eskola Nazionala", dio Ikasle Abertzaleak kaleratu duen komunikatuan. Bide honetan, Herri Unibertsitateen gisako proiektuak eraikitzen joatea ezinbesteko pausotzat jotzen dute.

Hezkuntza ereduaz hausnartzen eta hauek praktikara eramaten, borroka esperientzia berriak jorratzen ari da ikasle mugimendua egunero eta Herri Unibertsitateak horren ispilu izango dira.

 

Lizarran ere mobilizazioak

Aste honetan ere, Lizarrako ikasleek hainbat ekintza burutuko dituzte hezkuntzan jasaten duten egoera salatzeko.

Martxoak 17 ikastolan formakuntza ezberdinak prestatu dituzte. Ikastetxean ordea, martxoak 18 10:05etan tailerrak prestatu dituzte, 11:50etan atarian kontzentratuko dira eta azkenik 12:00etan manifestazioa burutuko dute ikastetxetik.

Gehiago