Gastu militarraren handitze eta NATOren aurkako elkarretaratzeak egin ditu Kontseilu Sozialistak

Iruñeko PSN eta Euskal Herriko beste hiriburuetako Podemos, EAJ eta EH Bilduren egoitzen parean elkarretaratzeak egin ditu Kontseilu Sozialistak "alderdi horiek NATOren eta beraz, bizi dugun eskalada belikoaren finantziazio eta indartzean duten ardura salatzeko."

2023-ko martxoak 24

Gaur espainiar estatuko gobernu alderdien eta bere sostengu taldeen egoitzetan bildu gara, alderdi horiek guztiek NATOren finantzazioan eta oro har eskalada militarrean duten ardura seinalatzeko. Izan ere, haiek babestutako azken urteko aurrekontu orokorrek %26 areagotu dute gastu militarra, eta Ukrainako gerra finantzatzeko, NATO indartzeko eta, oro har, gerra testuingurua sakontzeko helburua dute.

Azken hilabeteotan, estatuaren gerrazalekeria areagotu baino ez da egin. Horren erakusle dira Ukrainako gerrara bidalitako Leopard tankeak edota armagintzara bideratutako diru partidak. Espainiar estatua, mendebaldeko bloke inperialistarekin batera, gerra finantzatzen ari da, baita gerrarako prestatzen ere. Parlamentuko alderdi politiko guztiek, eskuinetik ezkerrera, bat egin dute NATOren agenda militaristarekin. Bereziki kezkatzekoa da haien burua ezkerrekotzat duten alderdiek gerra honen sostenguan betetzen duten papera. Gerra aurrekontuak onartu dituzte, eta orain, haien burua zuritzeko eta gerraren aurka lerratzen den oinarri elektorala engainatzeko asmoz, zenbait politika zehatzez kexatu dira – tankeen bidalketaz, adibidez –. Kexa horiek, ordea, ez doaz inora: gerra aurrekontuak eta espainiar gobernua bera inpugnatu ezean, itxurakeria besterik ez dira.

Gure iritziz, NATOk zuzendutako eskalada militarrak eta kapitalisten arteko gerrak galtzaile argia dauka: mundu osoko langileria, eta bereziki, gerra eremuan dagoen proletariotza. Gerraren ondorioak zuzeneko heriotzetan ez ezik, zeharka ere nabaritzen ditugu gure egunerokoan. Elektrizitatearen, gasolinaren edo elikagaien prezioaren igoera gerrarekin, eta bereziki, NATOren esku-hartzearekin lotuta daude. Instituzio militar horren atzetik dauden enpresari handiak gerraren kontura negozioa egiten ari diren bitartean, langileon bizi baldintzak okertzen ari dira etengabe. Ez soilik ekonomikoki, baita eskubide eta askatasun kolektiboen alorrean ere. Komunikabide nagusien gerra propaganda horren beste adibide bat da.

Egoera honen aurka, langileon antolakuntza independentea sakontzea beste aukerarik ez dugu, argi ari baita geratzen estatuaren baitako alderdi guztiak direla egungo egoeraren erantzule.

NATOren, gerraren eta basakeria kapitalistaren aurka mobilizatzera dei egiten dugu. Horretarako, manifestazioak antolatu ditugu martxoaren 31n Baionan eta apirilaren 1ean Iruñean eta Gasteizen. Bertaratzeko deia luzatzen dugu.

NATOren aurka, gerra eta basakeria kapitalista gelditu!

Gehiago