Gamesako langileek mobilizazioak iragarri dituzte enpresak Agoitzen duen planta ez ixteko eskatzeko

Alderdi, instituzio eta ordezkariekin eginen dituzten bilerak aparte, Gamesako langileek greba egunak eta mobilizazioak antolatu dituzte. Uztailaren 11an manifestazio bat eginen dute Iruñean.

2020-ko uztailak 2

ELA, LAB, CCOO eta UGTk bilera-sorta bat eskatuko dute Nafarroako  ordezkari politiko eta erakundeekin; besteak beste, Nafarroako Gobernuko presidentearekin, Parlamentuko presidentearekin, Herriaren Defendatzailearekin eta Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin.

Beste aldetik, Gamesak Agoitzen duen plantaren langileek mobilizazioak  iragarri dituzte enpresak lantokia ixteko hartutako erabakia bertan behera uzteko.

Langileen arabera, argudio ekonomikoak “aitzakia hutsak” dira, eta 2021eko irailera arte lan karga bermatuta zegoen. “Siemens-Gamesak Agoitzen duen lantokia ixteko erabakia deslokalizazio hutsa eta gogorra da. Ez da galerak dituen enpresa bat; diru asko irabazten duen eta gehiago irabazi nahi duen enpresa bat da, gure etorkizuna eta gure familiena kontuan hartu gabe “, azpimarratu dute. Gogorarazi dute lantokia (10 urte baino ez ditu) oso lehiakorra dela, produktibitate- eta kalitate-maila handiak dituela, eta egokitzeko eta fabrikatzeko gaitasuna duela.

Salatu dutenez, ixteko benetako arrazoi bakarra “eskrupulurik eza eta multinazionalaren zekenkeria” da, eta eskualde oso baten etorkizuna sakrifikatzea leporatzen diote; izan ere, azpimarratu dutenez, enpresa horretan ohikoa da jokabide hori, lehenago Nafarroan Altsasu, Tutera, Imarkoain edo Olaztiko lantegia itxi baitzuten.

Sindikatuen esanetan, administrazioen inplikazioa, “Siemensek Gamesaren kontrola hartu zuenean hainbeste txalotu zituzten administrazio horiek”, ezinbestekoa izango da Agoizko lantokia irekita mantentzeko. Diru publiko asko jaso duen enpresa dela gogorarazi dute, eta, beraz, orain Nafarroako erakundeek erantzukizuna beren gain hartu behar dutela azpimarratu dute. “Ez dugu hitz politik eta elkartasun faltsurik nahi gure agintarien eta erakundeen aldetik. Gertaerak nahi ditugu eta benetako konpromisoak “, gaineratu dute.

Hori guztia dela eta, langileek iragarri dute euren esku dagoen guztia egingo dutela lanpostu guztiei eutsiko zaiela bermatzeko, eta besteak beste, greba-egunak eginen dituzte kontsultaldian zehar, uztailaren 11n 18:00etan Iruñeko Autobus Geltokitik abiatuko den manifestazioa iragarri dute eta Nafarroako ordezkari politikoekin eta erakundeekin bilera-sorta bat eskatuko dute. Besteak beste, bilerak eskatuko dituzte Nafarroako Gobernuko presidentearekin, Parlamentuko presidentearekin, Herriaren Defendatzailearekin eta Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin.

Azkenik, Nafarroako gizarte osoari mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diote. “Ziur gaude Gamesa Aoiz ez ixtea lortuko dugula”, esan dute.

Gehiago