“Gabonetako ipuin berri bat”, riderrak eta banatzaileen lan baldintzei buelta emateko LAB sindikatuaren proposamena
Gabonetako ipuin berri bat kontatzen digu LAB sindikatuak bideo labur honetan: Olentzero eta Mari Domingi banatzaileak dira, banatzaile prekarizatuak. Eta Gabonetan, etxez etxe opariak eramateko euren lana areagotzen den honetan, prekarietateari aurre egiteko errezeta gogoratzen digute: langileen antolakuntza eta borroka.
2021-ko abenduak 23
Digitalizazioarekin batera lan berriak sortzen ari dira, eta horien artean, banatzaileak daude. Algoritmo baten aginduetara daude langile horiek. Arautze espezifikorik gabeko lan berri hauetan enpresa handiek langileak esplotatzen dituztela salatzen du sindikatuak. Eta ipuin honetan agertzen zaizkigun Olentzero eta Mari Domingi ere ez daude prekarizaziotik salbu.
“Gabon hauetan zure opariak etxera iristeko ehunka banatzaile ibiliko dira atsedenik gabe Euskal Herriko errepide eta kaleetan zehar. On-line merkataritza %25a baino gehiago hazi da azken urtean. Erosi duzun produktuaren prezio merke hori, banaketaz arduratzen diren langileen prekarizazioaren ondorioa ere bada. Ipuina berridazten ari da: Olentzero eta Mari Domingi banatzaileak dira”, dio sindikatuak.
Langileen eskubideen aurkako erasoa formaz aldatzen ari den honetan, LABen apostua da “lehen lerroan” jarraitzea. “Ipuina aldatzen ari da bai, baina betikoa da garaipenerako errezeta: antolatu eta borrokatu!”