Foruzainek ere ukatu egin dute indarkeria erabili zela Aroztegiaren obrak gelditzeko

2025-ko maiatzak 21

Epaiketaren 3. saio honetan 5 foruzainek deklaratu dute, 2021ean Elizondon lanean aritu zirenak. Atzo deklaratu zuten guardia zibilek errandakoaren bidetik mintzatu dira gaur ere, asteleheneko lekukoek erran zutenetik guztiz urrunduz. Hain zuzen ere, herenegun nabarmendu zuten auzipetuak talde antolatu baten partaide zirela, eta langileak eta poliziak etengabe mehatxatzen zituztela. Atzo eta gaur, baina, poliziak erran du protestan ari zirenek ez zutela indarkeria erabili, eta kalteak ikusi bazituzten ere, ez zutela inor ikusi kalte horiek egiten.

Are, lehenbiziko lekukoak adierazi du Guardia Zibilak eskatuta joan zirela herritarrak protesta egiten ari ziren lekura, eta hainbat lagun ikusi zituztela lurrean eserita: “Ez nuen indarkeria ekintzarik ikusi, gurekiko jarrera atsegina zuten, ez genuen jarrera bortitzik ikusi”. Bertze lekukoetako bat antzera mintzatu da: “Makinen aintzinean eserialdi baketsu bat egiten ari ziren, ez zuten inolako jarrera bortitzik”.

Defentsaren lekukoek plataformaren horizontaltasuna nabarmendu dute

Defentsak deituta, Joseba Otondok, 2015-2023 bitarte Baztango Udaleko alkate izandakoak, eta Ernesto Pratek, obrak hasteko momentuan Lekarozko zinpedun alkate izan zenak, deklaratu dute. Otondori UGEParen kudeaketaren inguruan galdetu diote, baita obren hastapenaren nondik norakoen inguruan. Ildo horretatik, UGEPari lotuta udalak egindako alegazioei buruz mintzatu da. Bertzetik, Aroztegia eta gero zer? plataforman izandako parte hartzearen inguruan galdetu diote, eta Otondok, elkarte legal bat zela azpimarratzeaz gain, alkate kargua hartzean taldea utzi zuela nabarmendu du. Plataforma horretan inolako lidergotzarik ez zegoela azpimarratu du, eta erabakiak modu horizontalean hartzen zirela.

Astelehenean enpresaren bigilantziarako kontratupeko langileak auzipetuen aldetik jazarpena sufritu duela adierazi zuen, eta, horregatik, telematikoki deklaratu zuen. Irakurketa horretatik urrunduta, Pratek gaur azaldu du, Lekarozko alkate bezala, bigilantziarako kontratatutako langile horrek normaltasunez parte hartzen duela herriko jardueretan. Akusazioak Prati bertze bi galdera egin dizkio: batetik, bere bikotekideak Aroztegia eta gero zer? plataformarekin zuen harremanaren inguruan; eta, bertzetik, berak idatzitako Telleria eta gero zer? liburuaren inguruan.


Ahotsa.info-ren kazetariaren hitzak entzun dira aretoan

Deklarazioekin amaitzeko, Ahotsa.info eta Xaloa Telebista komunikabideetako bi kazetarik deklaratu dute. Etxe honetakoak adierazi du protestak modu baketsuan egin zirela, eta ez zuela indarkeriarik ikusi. Bigarrenak, berriz, nabarmendu du prentsak ez zuela deialdirik jaso obrak geldituko zirela erranez.
Azkenik, ikus-entzunezko zortzi froga aurkeztu dituzte akusazio partikularrak zein fiskaltzak. Honen harira, Elkartasun Komitetik salatu du froga hauei zein deklarazioei dagokienean hizkuntza-baldintzak “desegokiak” izan direla epaiketa behar bezala gauzatzeko.

Egunero gertatzen den bezala, kanpoaldean elkartasun adierazpenak izan dira, gaurko honetan sindikatuen eskutik, eta eguerdi aldera Porrotx pailazoa iritsi da, eta txalo artean egin diote harrera Justizia Jauregiaren parean bilduta zeuden herritarrek. Goiza goxatu, eta epaitegi barnekoei kantu bidez elkartasuna adierazi die.


Gehiago