Fleuryko euskal preso politikoek akordio bat erdietsi dute eta gose greba bertan behera utzi dute

Fleuryko espetxean gose greban zeuden euskal presoak ahozko akordio batera iritsi dira, hilean hiru bisita luze izateko hitz jasota. Atzo Burlatan mobilizazio bat egin zuten.

2015-ko ekainak 19

Fleury Merògis kartzelako euskal preso politiko eta korsikarrak gose greba mugagabean daude astelehenetik bisita eskubideetan izan diren murrizketak salatzeko. Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, hitzezko akordio batera iritsi dira, hilean hiru bisita luzeetara itzultzeko. Horrela izanda, gose greba bertan behera gelditu da.

Akordioa hau gaur eta bihar artean berretsiko dela adierazi du Etxeratek.

Espetxean eman diren obra batzuk direla eta, bisitak hirura murriztu zituzten, asteburukoak mugatuz. Lau eguneko baraualdiaren ondoren, badirudi hiru bisita luze izateko eskubidea berreskuratuko dutela presoek.

 

Burlatan elkartasun mobilizazioa

Hamaika lagun bildu ziren atzo Burlatan Fleuryko euskal preso politikoei elkartasuna adierazteko. Sortuko kidea den Maitane Intxaurragak adierazpenak egin zituen Estatu Espainiar eta Frantziarraren jarrera salatzeko, "kartzela politika kriminala" erabiltzen dutelako Eskal Herrian irekitako bake prozesua "zapuztu eta euskal presoei etengabeko salbuespen neurriak ezartzeko".

"Euskal  Herriko jendarte eta eragile gehienak, nazioarteko erakunde, judikatura zein pertsonalitate gorenek dispertsioa eta salbuespeneko neurrien aurka azaldu diren honetan bi Estatuen jarrera tenkor eta ez demokratikoarekin egiten du tope. Ematen du beraien blokeo nahiak ez duela etenik baina bakarrik gelditzen ari direla geroz eta nabarmenago denean, ezinezko bihurtzen ari zaie beraien politika ankerra justifikatzea eta ahuldadetik ari dira jokatzen mendeku irrazionalari bide emanez", esan zuen Intxaurragak.

Egoera honen aurrean "inoiz baino beharrezkoago da indarrak batzea geroz eta isolatuago dauden bi estatuen aurrean, herritar, erakunde zein eragileetatik eman ditzagun pausoak elkarren indarrak bilduz salbuespeneko politikak eteteko, presio sozial zein politikoan aurrera pausoak ematen jarraitu beharra dago Estatuek egun mantentzen duten mendeku posiziotik posizio zentzudunetara mugi arazteko", dio Sortuk.

 

Gehiago