“Ez dugu ahaztuko” izeneko kanpaina jarri du martxan Karta Sozialak 2008ko krisiaren errezeta berdinak ezarri ez ditzaten

Koronabirusak eragin duen krisi honetatik irtetzeko zein logika gailenduko den jokoan dagoela uste du Euskal Herriko Karta Sozialak: kapitalismoaren logika ala jendarte sektore zabalen eskubideen defentsa. Arriskuak eta aukerak ikuste dituzte, eta larrialdi sozial honi aurre egiteko erreforma erradikalak behar direla uste dute. Sare sozialetan garatuko den kanpaina honen bide herritarrek ikusi eta ikasi dutena partekatzeko deia egin dute.

2020-ko maiatzak 18

Finantzen gehiegikeriek eragin zuten 2008ko krisia, eta orduan “Kapitalismoa birfundatu behar da” esan zuen Sarkozyk; aho batez errepikatzen zen mugak jarri behar zitzaizkiela burtsetako marrazoei; New Deal berri bat zetorrela zirudien… Baina, “gure ahalmenen gainetik bizi izan gara” entzun hasi ginen, eta neurri zorrotzen bitartez, finantzen boterea areagotu egin zuten herritarren lepotik.

“Gobernuek gure bizitzan eragiten diguten gaiei buruz zer nolako erabakiak hartzen dituzten argi ikusi genuen orduko hartan”, dio Karta Sozialak.

Kartak gogoratzen du nola 2011ko M15ean Espainiar Estatuan plazak bete ziren eslogan eta esaldi berriekin, baina berandu zen. “Markoa ezarrita zegoen eta neurriak hartzen ari ziren jada. Hura erantzun bat izan zen, Lakoffen Ez ezazu elefante batean pentsatu modukoa”.

“Krisialdiaren irteeran zein logika gailenduko zegoen jokoan, kapitalismoaren logika ala jendarte sektore zabalen eskubideen defentsa. Arriskuak eta aukerak. Larrialdi sozial eta nazionaleko egoera hartan, Euskal Herrian Eskubide Sozialen Gutunaren sorrerarekin batera, oinarrizko eskubide ekonomiko eta sozialen aldeko borroka abiatu genuen, euskal jendarteko kide guztiak bizi-baldintza duinak izatera iritsi eta beren erabakiak har ditzaten”, dio Kartak.

Orain ere Financial Times-ek dio erreforma erradikalak behar direla, gobernuek ekonomian esku hartu behar dutela, zerbitzu publikoak indartu behar direla, aberastasunaren banaketaz hitz egin behar dela… “Hitzak, osasun krisi betean begi bistakoa dena beltza zuri gainean jarrita. Gauza asko utzi baititu agerian COVID-19ak eragindako osasun krisiak, besteren artean, krisi sistemiko eta globala dela oraingo honetan ere bizi duguna”, nabarmendu Kartak.

Kartaren iritzian, 2008ko krisian gertatu zena ezin da berriz errepikatu. “Hori dela eta orain hain modu gardenean ikusten ditugun ikasgai hauek guztiak bildu nahi ditugu, krisi sanitarioa amaitzean ez ditzagun ahaztu eta geure alde erabil ditzagun”.

Herritar guztiek ikusi eta ikasi dutena sare sozialetan partekatzeko deia egin du karta Sozialak #EzDuguAhaztuko traola erabiliz. “Denon artean ahalik eta bilduma osatuena egin dezagun, berriro ere, zorraren zamaren aitzakian, murrizketak ezarri nahi dizkigutenean, erreminta bat gehiago izan dezagun bizitzaren aldeko borrokan”.

Gehiago