“Ez da nire kultura”, Tauromakiaren Kultura Ondarearen Legea indargabetzeko sinadura bilketa martxan

Ostiral honetan hasiko da Nafarroan Tauromakiaren Kultura Ondarearen Legea indargabetzeko Legegintzako Herri Ekimenaren sinadurak biltzeko kanpaina. Katakraken eginen dute ekimen honen aurkezpena.

2024-ko apirilak 10

Tauromakiaren Kultura Ondarearen Legea indargabetzeko “Ez da nire kultura” Legegintzako Herri Ekimenen sinadurak biltzeko kanpaina apirilaren 12an, ostirala, hasiko da Nafarroan.

Ekimen hau Katakrak liburu-dendan aurkeztuko da (apirilaren 12an, 18:30ean), eta bertan azalduko da zer den LHE hori, zer ondorio izan ditzakeen tauromakian eta nola egin daitekeen fede-emaile (sinadura-biltzailea). Estatuko LHE sustatzeko batzordeko bi pertsonak hartuko dute parte.

Azaroaren 12ko 18/2013 Legea errefusatzearen arrazoia da autonomia-erkidegoek eta udalek ikuskizunak debekatzeko edo arautzeko dituzten eskumenak urratzen dituela “eta ikuskizun horiek gizartearen gaitzespen nabarmena dutela”, ekimenaren bultzatzaileen iritziz. “Lege honek tauromakia babesten du beste edozein adierazpen kultural edo artistikoren gainetik, eta, beraz, urteroko dirulaguntza publikoak bermatzen dizkio”, gehitzen dute.

2024ko urtarrilean, LHE bat erregistratu zen, lege hori indargabetzeko. Otsailaren hasieran onartu zen izapidetzeko, eta 9 hilabete daude guztira 500.000 sinadura biltzeko (paper zigilatuetan, ez dira baliozkoak Internet bidez), Diputatuen Kongresuko Ganberan izapidetzen hasi ahal izateko.

“Ez da nire kultura” ekimenak animaliak eta ingurumena babesteko, haurrak babesteko eta kultura-elkarteetako erakunde askoren laguntza du. Hemen, Nafarroan, zezenketen aurkako hainbat elkarteen babesa jaso du ekimen honek, besteen artean, Iruñea Antitaurina taldeena.

Gehiago