Euskarazko lanpostuak eskuratzeko egiten diren praktikak gazteleraz eskaintzen ditu Hezkuntza Departamenduak

Gaur goizean Hezkuntza Departamentuaren aurrean elkartu dira LAB, STEILAS eta ELA sindikatuak Hezkuntzako funtzionario berrien prestakuntza euskaraz izatea aldarrikatzeko eta orokorrean Hezkuntza Departamentuak euskaraz eskainitako prestakuntzaren gabeziak salatzeko. Aldi berean eskatu dute irakasleentzat eskaintzen den euskarazko prestakuntza handitzea.

2021-ko azaroak 15

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko praktiketako funtzionarioek praktikaldia gainditu ahal izateko prestakuntza bat egin behar izaten dute. Praktiketako funtzionarioen artean badaude beren lan jarduna euskaraz egiten duten irakasleak, D ereduko plazak eskuratu dituztenak hain zuzen ere. Hau horrela izan arren, ikasturte hasieran Hezkuntza Departamentuak irakasle hauei prestakuntza osoa gaztelaniaz eskaini zien, ohi bezala. Soilik irakasleak eta LAB, STEILAS eta ELA sindikatuak egoera hau salatzen hasi ginenean eskeini zien prestakuntzaren zati bat euskaraz egiteko aukera. Baina oraindik “Lan-osasuna eta Laneko Arriskuen Prebentzioa” gaztelaniaz egitera behartuta daude, Hezkuntza Departamentutik argudiatzen dutenez, atal hori emateko mediku euskaldunik ez dutelako.

Egoera hau gainera orokorragoa da, ez da soilik praktikaldia gainditzeko prestakuntzan ematen. Hezkuntza Departamentuak irakasleentzat orohar eskaintzen duen prestakuntzaren %16,5 soilik eskaintzen da euskaraz, %80a gaztelaniaz izanik.

Euskararen kontrako beste eraso baten aurrean gaude. Irakasleek prestakuntza euskaraz jasotzeko eskubidea dute, gainera beren jardun profesionala ere euskaraz denez, hizkuntza horretan izango zaie baliagarri prestakuntza.

Hau horrela, praktiketako funtzionario kaltetuek sinadura bilketa bat eraman dute aurrera ikastetxe desberdinetan zehar egin behar duten prestakuntza euskaraz ere izan dadin eskatuz. Aldarrikapen horrekin bat egiten dugu LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok. Sinadura horiek erregistratuko ditugu jarraian eta aldi berean bilera bat eskatuko dugu Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalburuarekin egoera hau bideratu ahal izateko, nafar irakasle euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatuz.

Gehiago