Euskararen legearen zonifikazioa bertan behera utzi eta Mañeruko herriaren hitza errespetatzeko eskaera egin zuten larunbatean
Mañeruko Udalak eta Hordago! euskararen zonifikazioaren aurkako herri ekimenak elkarretaratzea egin zuten larunbatean Nafarroako Parlamentuan eremu ez-euskaldunetik eremu mistora igarotzeko egindako eskaera PSNk eta Navarra Sumak errefusatu eta gero.
2023-ko otsailak 13
“Mañeruarren eskaerari emandako ezezkoak, Udalbatzak aho batez hartutako erabakiaren bidez adierazitako eskaera, agerian utzi du, beste behin ere, euskararen zonifikazioak ez duela ez hankarik ez bururik, ez duela inolako irizpide soziolinguistikori erantzuten, eta ez dituela betetzen Euskararen Legeak berak ezartzen dituen funtsezko helburuak, hots, botere publikoek Nafarroan euskararen berreskurapena eta garapena babestu behar dutela diotenak”, esan zuten.
Mañerurekin muga egiten duten udalerri gehienak eremu mistoan daudela gogoratu zuten, eta Mañeruk pauso hori eman ezin duenik azaltzeko argudiorik ez dagoela azpimarratu zuten.
Euskararen Legeak Nafarroa hiru eremutan banatzen duela eta ezarritako eremu hauek herritarren hizkuntza eskubideak zehazten dituztela gogoratu zuten. “Lege hark “ez-euskalduna” deituriko eremua sortu zuen, izenetik bertatik bere asmo baztertzaileak argi uzten zituena. Bada, Mañeruk esan du ez duela bazterketa horren parte izaten jarraitu nahi, eta bere hitza errespetatzeko eskatzen du, auzi hori, gainera, Mañeruko herritarrei soilik dagokiena izanik”.
Mañeruko Udalak bai Hordago! ekimenak uste dute zonifikazioa dela, hain zuzen ere, oztopo handienetako bat euskararen normalizaziorako, eta horregatik sortu behar direla beharrezko baldintzak zatiketa hori behingoz gainditzeko. Zentzu horretan, Udalak eta Hordago! ekimenak Mañeruko eta Nafarroa osoko herritarrak animatzen ditu euskara berreskuratu eta garatzeko lanean jarrai dezaten.