Euskararen aurkako oldarraldia eta euskarafobiari aurre egiteko kalera irtetzeko deia

Nafarroako Euskalgintzaren Kontseilua, Steilas, LAB, Haur Eskoletako Gurasoak, NUPeko Euskara taldea, Ikama, Pentsionistak Martxan, Sasoia, AEK eta Gazte Euskaltzaleen Sareak ostegunean izanen den mobilizazioa parte hartzeko deia egin dute.

2023-ko martxoak 21

Orain dela ia urtebete Gazte Euskaltzaleen Sarea plaza publikora atera zen euskara aurrera manifestaziorako deia eginez. Euskararen egoerarekin kezkaturik eta «euskararen aurka» hartutako erabaki judizialak salatzeko edota euskarak pantailetan zuen presentzia «murritza» agerian uzteko, milaka lagunek hartu zuten parte Donostian egindako mobilizazioan. Bertan ere euskaraz ikasteko eskubidea «behin eta berriz» urratzen dela eta gazteen bizipenetatik eta ikuspegitik egoera horri erantzun beharra zegoela azpimarratu zuten.

Azken hilabete hauetan eta mobilizazio horrek utzitako poza eta ilusioa lagun, herri, auzo eta ikastetxeetan Gazte Euskaltzaleon Sarea zabaltzen eta gazteek euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko borrokan eragile aktibo bilakatu da.

Horren emaitza da, besteak beste, Ikama eta unibertsitateetako euskara taldeekin batera euskara eta euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko ostegun honetako mobilizazioa.

“Zoritxarrez, ordea, beste batzuk ere mugitu izan dira eta mugitzen jarraitzen dute. Orain dela ia urtebete aipatzen genuen euskaraz bizi nahi dugunon aurkako oldarraldi politikoak, juridikoak eta mediatikoak ez du etenik izan, denbora honetan guztian”, salatu dute. “Ustez, gure belaunaldiak gainditutzat zituen diskurtso eta jarrera euskarafoboak eguneroko ogi bihurtzen ari zaizkigu”, gaineratu dute.

Nafarroan euskaren jazarpenari eta oldarraldi euskarafoboari bide ematen

Nafarroan ere egoera hori ematen ari dela nabarmendu dute, eta “are lazgarriagoa eta zaurgarriagoa” dela azpimarratu dute. “Euskaldunon hizkuntza eskubideak zonaldeen arabera aldatuz, herri ezberdinetako familien hautuaren aurka arituz eta D eredua ez eskainiz, herri oso baten iritziaren gainetik zonalde mistora pasatzearen aurka eginez, NUPen euskaraz ikasteko eskubidea ez bermatuz, hizkuntza paisaiaren elebitasunaren beharra ez errespetatuz, euskarazko haur eskolen eskaintza murriztuz, euskara alemanera edo ingelesaren atzetik baloratuz… Finean, Nafarroan berria ez den baina azken garaian oraindik eta ebidenteagoa bihurtu den euskaren jazarpenari, oldarraldi euskarafoboari bide ematen ari dira”.

Euskaren aurkako “gurutzada” hau “euskara desagerrarazteko saiakera” bat dela ziurtatu dute. Horren aurrean, azken egunetan Nafarroan argitaratu diren azken inkestek ezagutzera eman dutena: egoera honetan ere, euskarak eutsi dio eta aurrera egin du. Eta horretan gazteak protagonista bilakatu dira. “Euskaren aurka ahaleginak eta bi egin dituzte, eta hala ere euskara aurrera doa, euskararekin bagoaz”.

Ostegun honetan deitutako mobilizazioan D ereduaren aldeko plataformetako gurasoak, ikasleak, zonifikazioaren aurkako Hordago dinamikako kideak, sindikatuak, Mañeru eta Leringo herritarrak, irakasleak. Euskaldunak eta euskaltzaleak parte hartzeko deia egin dute.  “Martxoaren 23an hezkuntza euskaldunaren aldeko mobilizazioan kaleak bete behar ditugu. Baina horrek bidean egin beharreko hurrengo urratsa soilik izan behar du. Ezinbestekoa eta beharrezkoa da, baina argi dugu ez dela nahikoa. Bide horretan urrats gehiago egin behar dira”.

Gizarte eragileei, eragile sindikalei, eragile politiko eta instituzionalei, “erasoaren neurriko erantzuna” emateko urratsak egin ditzaten eskatu diete. “Guztion artean, euskaraz bizitzeko eskubidea babesteko herri erantzun sendoa eman dezagun, eta eskubide hori egikaritzeko, guztion artean, neurria aurrerakoiak bultzatu ditzagun”.

Gehiago