Euskararen aldeko elkarretaratzea deitu dute Mañerun datorren larunbaterako
Mañeruko Udalak eta euskararen zonifikazioaren aurkako Hordago! herri ekimenak elkarretaratzea deitu dute Mañerun datorren larunbaterako, otsailak 11.
2023-ko otsailak 9
Mañeruko Udalak eta Hordago! euskararen zonifikazioaren aurkako herri ekimenak elkarretaratzea deitu dute Nafarroako Parlamentuan eremu ez-euskaldunetik eremu mistora igarotzeko egindako eskaera PSNk eta Navarra Sumak errefusatu eta gero.
“Udalaren eskaerak, gero Parlamentuak atzera botatakoa, agerian utzi du beste behin euskararen zonifikazioak ez duela ez hankarik ez bururik, ez duela inolako irizpide soziolinguistikorekin bat egiten, eta ez dituela betetzen Euskararen Legeak berak ezartzen dituen funtsezko helburuak, botere publikoek Nafarroan euskararen berreskurapena eta garapena babestu behar dutela diotenak, alegia”, esan dute ohar amankomun batean.
Jakina denez, aipatutako Euskararen Legeak hiru eremutan banatu zuen Nafarroa, eta horren ondorioz gaur egun nafarrek hizkuntza eskubide batzuk edo besteak dituzte bizitokiaren arabera. “Lege hark “ez-euskalduna” deituriko eremu bat sortu zuen, bere izenetik bertatik bere asmo baztertzaileak argi uzten zituena. Bada, Mañeruk esan du ez duela bazterketa horren parte izaten jarraitu nahi, eta bere hitza errespetatzeko eskatu du”, gogoratu dute.
Elkarretaratzea larunbatean eginen da, eguerdiko 12.30etan Mañeruko Foruen Plazan.