Euskaraldia, hasi da izena emateko epea
Nafarroako hainbat eragilek bat egin du azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den ariketa sozialaren bigarren edizioarekin. Ahobizi edo belarriprest roletan parte hartzeko deia egin diote nafar gizarteari antolatzaile eta sustatzaileek, izen ematea zabalik dago. Ehunka entitatek eman dute izena Nafarroan ariguneak sortuz.
2020-ko irailak 30
Euskaraldia aurkeztu dute Nafarroako hainbat eragilek gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Hizkuntza ohiturak astintzea eta euskararen erabilera bultzatzea helburu dituen ariketa sozialaren bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da. Ariketan izena emateko epea irailaren 24tik dago irekita eta jadanik ahobizi eta belarriprest rolekin parte hartzeko izena eman dezakete horrela nahi duten herritarrek. Nafarroako gizarteari parte hartzeko dei zabala egin diete Euskaraldiaren antolaketan parte hartzen diren erakundeek eta modu batean edo bestean ariketa bultzatzen duten hainbat lagunek.
Uharten egindako agerraldian Euskaraldiaren koordinazioan ari diren eragileekin batera agertu dira zenbait erakundetako ordezkariak. Ekitaldian parte hartu dute Oskar Zapata Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea euskararen nafar institutuko zuzendariak, Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak, Oskia Ugarte Uharteko museoko ordezkariak, Oier Sanjurjo Osasuna futbol taldeko kapitainak, Maria Arrasate Arrasate okindegietako arduradunak, Oianko Garde Baztango Euskaraldia batzordeko ordezkariak eta Ion Celestino musikari eta Euskaraldiaren abestiaren sortzaileak, besteak beste.
Euskalerria Irratiko Juan Kruz Lakasta kazetariak gidatutako ekitaldian Euskaraldia hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa soziala dela gogora ekarri dute hitza hartu duten lagunek, euskararen erabilera bultzatzeko ariketa.
Euskaraldiko partaideak beraien hizkuntza ohiturak aztertu eta aukeratzen duten rolaren arabera arituko dira 15 egunetan. Aurreko edizioan bezala, bi rol izango dituzte aukeran izena ematen dutenek:
Belarriprest: Beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira belarriprest, euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.
Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute ahobiziek. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dute beti. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da, jokaerak definitzen du rola, alegia.
2018 urtean egin zen Euskaraldiaren lehen edizioan milaka nafarrek parte hartu zutela gogoratu dute antolatzaileek, guztira 22.000 lagun baino gehiagok jardun zutela ahobizi edo belarriprest gisara. Bigarren edizioan ere 2018ko ariketako partaideei deia egiteaz gain, arrazoi batengatik edo bestearengatik lehen edizioan parte hartzerik izan ez zutenak parte hartzera animatu nahi lituzketela esan dute antolatzaileek.
Parte hartzeko baldintzak aurreko edizioko berdinak direla azaldu da. Euskaraldian 16 urtetik gorakoek izena eman dezakete, helduen hizkuntza ohitura eta portaeretan eragitea baitu helburu ekimenak. Euskara ulertzeko gaitasuna gutxienez izan behar dute partaideek, baina hortik aurrera, bakoitzak erabakiko du zein rol den berarentzat egokiena. Modu kontziente eta borondatezkoan, hizkuntza ohiturak astindu edo euskararen erabileran aurrerapausoak eman nahi dituzten lagunek 15 egunetan bete nahi duten rola erabaki eta izena eman ahal izango dute, azaroaren 20tik abenduaren 4ra dagokien rolaren txapa jantzita ariketa egin ahal izateko.
Izena emateko hiru modu daudela azaldu dute antolatzaileek:
Euskaraldia.eus webgunean
Herrietako batzordeek jarriko dituzten informazio gune eta mahaietan.
Hurrengo egunotan eskuragarri egongo den telefono aplikazioan
.
Ehunka arigune martxan
Euskaraldia ariketa egiten den artean ehunka izango dira Nafarroan ariguneak sortuko dituzten era guztietako entitateak. Aurtengo berrikuntza nagusia den ariguneen inguruko argibideak eman dituzte antolatzaileek gaurko ekitaldian. Euskaraz lasai aritzeko guneak era guztietako entitateetan sortuko direla azaldu dute eta horren adibide modura enpresak, komertzioak, kultur eta kirol elkarteak, gizarte eragileak eta erakunde publikoak daudela aipatu da. Guztira ia 600 zentrotan sortuko dira ariguneak Nafarroako entitateek Euskaraldiaren edizio honetan. Gaurko agerraldian hiru entitatetako kideek hitza hartu dute: Osasuna futbol taldeko kapitain Oier Sanjurjok, Uharte Zentroko ordezkari Oskia Ugartek eta Arrasate okindegietako arduradun Maria Arrasatek. Sanjurjok Osasuna moduko entitate batek euskararen erabilera bultzatzeko ekimenean parte hartzeak duen garrantzia azpimarratu du. Ugartek adierazi du ariguneen sorrerak lagundu dituela euskarari ematen dioten lekuari arreta jartzera. Arrasatek berriz, euskarak bezeroekin sortzen duen lotura nabarmendu du.
Agerraldian hitza hartu duten ordezkariek bigarren Euskaraldian Covid-19 pandemiak sortu duen egoerak eragina izango duela nabarmendu dute. Gizartea kolpatu duen pandemiak euskaran ere eragina izan duela azaldu dute agerraldian. Horregatik, Euskaraldia, duela bi urte modura, euskararen erabilerari bultzada emateko ariketa praktiko eta motibagarria izatea dute helburu antolatzaileek. Epe luzerako lanean murgilduta, aurten abiapuntua jarri nahi izan da ariguneak sortzen eta lanean jarraituko da aurrerantzean ere euskaraz lasai aritzeko gero eta espazio gehiago sortu daitezen.
Herriz herri antolatuta
Herriz herri osatutako batzordeek antolatzen dute Euskaraldia eta horietan ere eragin du azken hilabeteetan izan den egoerak. Hala ere, herrien izen-ematea ondo joan dela azaldu dute antolatzaileek. Lehen edizioan baino herri gehiagotan sortu dira aurten Euskaraldia antolatzeko batzordeak (guztira Nafarroako 119 udalerrik parte hartuko dute Euskaraldian) eta honek, Euskaraldiaren leloak dioen bezala, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko aukera eman dezakeela bistaratu du.
Azken hilabeteetako lana pandemiak nola baldintzatu duen azaldu du Oianko Garde Baztango batzordeko kideak. Konfinamenduak hainbat hilabetetan lana zaildu duen arren, azken asteetan ariguneak identifikatzeko lanean murgilduta egon direla eta hurrengo egun eta asteetan herritarren izen-ematea bultzatzen arituko direla azaldu du.
Elkarlanean antolatutako ekimena
Era askotako elkarlanerako gune izan da aurten ere Euskaraldia eta berriz ere ekimenaren ezaugarri garrantzitsu modura azpimarratu dute agerraldian. Gizarte eragile eta erakunde publikoen artean sortutako eta bultzatutako ekimenera, enpresak eta bestelako entitate pribatuak gehitu dira. Hortaz gain, herriz herri Euskaraldia antolatzen eta zabaltzen ari den gizarte sarea handia dela azpimarratu da eta herrietan ere elkarlan dinamika berriak sortzen ari direla gogora ekarri da.
Euskararen erabileran eta garapenean jauzi handi bat emateko Euskaraldiak dituen ezaugarriak garrantzitsuak direla azaldu du Euskaltzaleen Topaguneko presidente Kike Amonarrizek eta horregatik, gonbidapena egin die herritarrei parte hartzen ez-ezik, inguruan zabaltzen eta eragiten ekarpena egin dezaten.