Euskaraldia, 11 eguneko esperimentua euskara espazio berrietara zabaltzeko

Ostiraletik aurrera, eta 11 egunez, milaka eta milaka euskaldunek inoiz antolatu den euskararen inguruko esperimentu haundienean parte hartuko dute. Eta zuk, eman duzu izena?

2018-ko azaroak 21

Zer egin dezakegu euskal hiztunok euskararen erabilera areagotzeko? Hori da Euskaraldia bultzatzen duten eragileek zabaltzen duten galdera. Euskal hiztunek gora egin dute (1991az geroztik 223.000 hiztun irabazi ditu euskarak), baina euskararen erabilera ez da igo bezain beste. Horrexagatik, hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatzen dute. Ostiraletik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen duten guztien artean euskaraz egiteko deia egiten dute “Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragin” daitekelakoan.

Horretarako, bi rol proposatu dituzte hurrengo 11 egunetarako:
Ahobizi izendatu direnak ulertzen duenari euskaraz egingo diote, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diete. Eta Belarriprest, “egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta” adieraziko dutenak. Agian erdaraz erantzungo dute, baina besteak haiekin euskaraz egitea nahi dute.

Ta horrekin zer lortu nahi dute? Euskal herritarren artean harremanetan hizkuntzarekin dauden inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea eta Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen dena baino gehiago dela jabearaztea eta euskara gehiagotan erabili daitekela ikusaraztea. Bestetik, hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera, erosoago eta lagunduago egitea du helburu Euskaldiak. Eman dituzten datuen arabera, 196.000 lagunek (Nafarroan, 20.500tik gora) eman dute izena Euskaraldian, beraz, milaka eta milaka izanen dira 11 egun horietan txapa baten bidez euskaldun bezala identifikatuko direnak, euskaraz aritzeko prest agertuz. Euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortzea ere proposatzen ditu Euskaraldiak.

16 urtetik gorako herritarrek eman dezakete izena, eta Ahobizi izateko, euskaraz hitz egiten jakin behar da. Bestetik, Belarriprest izateko, gutxienez, euskara ulertu behar da. Irizpideak betez gero, norberak erabakiko du zein roletan izena eman.

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Ahobizi edo Belarriprest ikurra soinean eraman, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egiteko animatzen du Euskaraldiak.

EUSKARALDIA-Hartu kontrola, aukeratu rola (Bideoklipa) from Euskaraldia on Vimeo.

Gehiago