Euskara zonifikatua egotea “kezkaz” ikusten du Nazio Batuen Erakundeak
Nazio Batuen Erakundeko kontalaria ikerlana egiten ari da eta ohartarazi du hutsuneak daudela legearen esparruan: "Etena dago ofizialtasunaren estatusaren eta legearen inplementazioaren artean".
2019-ko urtarrilak 28
Oraindik txostena amaitua egoteko asko falta bada ere (2020ean aurkezteko aurreikusia dago) lehen ondorietako batzuk eman dituzte ezagutzeko Nazio Batuen Erakundetik. Kontalaria ari da ikerlana egiten eta besteak beste Euskal Herrian euskararen inguruan ari da azterketa lana egiten. Nafarroaren kasuan zalantzak ditu zonifikazioarekin. Hiru arlo hauek nabarmendu ditu:
1. Lege estatusa. Kontalariak ohartarazi du aldea dagoela legean jasotakoaren eta estatuak hartzen dituen neurrien artean: “Etena dago ofizialtasunaren estatusaren eta legearen inplementazioaren artean”. Kontalariak bereziki aipatu ditu hizkuntza koofizialek izaera ofiziala ez duten eremuak: Asturias eta Nafarroa —zonifikazioaren ondorioz, euskara ofiziala da iparraldean, baina ez gainerako eremuetan—.
2. Hizkuntza eskubideak. Kontalariak gogorarazi du herritarrek eskubidea dutela hizkuntza gutxituak erabiltzeko, nahiz eta hori hiztun proportzioarekin lotu: “Gutxiengoek badute eskubidea agintariekin eta erakundeekin beren hizkuntza erabiltzeko, arrazoizkoa eta justifikatua denean, populazioaren proportzioaren arabera”. Uste du alde horretatik Espainian aurrerapenak izan zirela trantsizio garaian, autonomia erkidegoak martxan jartzean, baina hutsuneak daudela oraindik.
3. Hezkuntza. Hizkuntza gutxituen irakaskuntzari dagokionez, eredu bat baino gehiago dago estatuan, kontalariak gogorarazi duenez: murgiltze sistemak, irakaskuntza elebiduna edo hezkuntza eleaniztuna. Ohartarazi du Espainiak 2010az geroztik ez dituela biltzen hizkuntza gaitasunaren araberako datuak. Horrek dakarren kalteaz aritu da: “Ebaluazio argiak eta objektiboak egotea oso onuragarria litzateke irakats-eredu horiei buruz sortzen diren adierazpen eta akusazio okerrak uxatzeko”.