Euskara Aurrera manifestua aurkeztu dute eta maiatzaren 21an manifestazioa deitu dute Donostian

Euskal Herri osoko euskaltzaleek deituta manifestazio nazionala egingo da maiatzaren 21ean, Donostian. 17:30ean Donostiako Antiguako Tuneletik abiatuta. Manifestazioaren aurkezpenean Gazte Euskaltzaleek abiatutako ekimenarekin bat egin duten zenbait aurpegi ezagun egon dira. Besteak beste, Oinatz Bengoetxea, Yogurinha Borova, Lorea Agirre, Sua Enparantza, Joanmari Larrarte eta Oier Sanjurjo. Hau da manifestuaren edukia:

2022-ko apirilak 6

Euskara Aurrera

Euskarak arduratzen gaitu. Gainera, kondizio kezkagarri honetan bizitzera ohitu arazi nahi gaituzte. Egoera honen isla dira azken urtean izan diren euskararen aurkako erabaki judizialak, euskararen erabilera datuek erakusten duten geldialdi zantzua, pantailetan euskarak duen presentzia murritza edota euskaraz ikasteko eskubidea behin eta berriz urratzea. Euskaldunok izan dugu eta badugu horrelako egoera zailei aurre egiteko sena. Miraria delako euskara gaurdaino bizirik iritsi izana, haizea beti kontra izan duenean. Modu bakarrean esplikatu daiteke: euskaldunok hitz egin, idatzi eta inprimatu dugulako; aldeko kontzientzia izan delako; euskara ez dakiten euskaltzaleen bultzada izan duelako; konpromisoagatik. Munduan hizkuntza komunitate gutxiagotu gutxik lortu dute hau.

Euskara galbidera zeraman joera ustez aldaezina itzultzea lortu dugu azken hamarkadetan egindako lanari esker. Baina, gaur, Euskal Herria berreuskalduntzeko eta euskara normalizatzeko bidean, mehatxu berriak, eta, beraz, erronka berriak ditugu esku artean. Batetik, euskararen eta euskaldunon aurkako erabaki politiko eta juridikoek ez dute etenik. Bestetik, kultur globalizazioaren ozeano zabalean euskararen presentzia lausotzen ari da. Belaunaldi berriok ere euskararen aldeko olatura igotzeko ordua da. Lehenago ere adierazi izan dugu gazteok euskararen aldeko fase berri bati bidea emateko konpromisoa dugula eta, beste behin, hori erakusteko gaude gaur hemen.
Euskarak aurrera egin dezan, egoerari parez pare begiratu behar diogu. Egoera honek, gizarte zibilaren eta instituzioen arteko elkarlana eta akordio berriak behar ditu. Herri bultzada berri bat behar du. Aurrera egin behar dugu:
– Euskaldun gisa bizitzeko eskubidea eta nahia betetzeko.
– Euskara normalizatzeko.
– Hizkuntzen, hizkuntza-komunitateen eta herrien berdintasunean oinarritutako munduari gure ekarpena egiteko.
– Guztion hizkuntza eskubideak errespetatzeko. Justizia eta demokrazia auzia delako hau.
– Euskara herri kohesiorako zuntza izateko.
– Finean, Euskal Herri euskalduna izateko.

Honegatik guztiagatik, Maiatzaren 21ean 17:30tan Donostian Antiguako tuneletik abiatuko den manifestazioan urrats erraldoia ematera gonbidatzen zaituztegu euskaldunak zein Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz imajinatzen duzuen herritar guztiak.

Zinez badakigu asko garela, milaka garela Aturritik Ebrora eta Karrantzatik Barkoxera. Datozen asteetan gure proposamena euskaltzale, euskalgintzako eragile nahiz bestelako eragileekin partekatuko dugu. Euskarak guztion beharra duelako eta gaur hemen aurkeztu dugun egitasmoa guztiona izatea nahi dugulako, honako tresna hauek jarriko ditugu martxan:
    •    https://t.me/EuskaraAurrera Telegram kanalaren bidez herritarrekin egitasmoaren inguruko informazioa eta bitartekoak partekatuko ditugu.
    •    Eta norbanakoen atxikimenduak biltzen ere jarraituko dugu http://labur.eus/euskaraaurrera helbidean.
Egin genuen eta berriz egingo dugu!

Gehiago