Euskaltegiei eta euskarari bultzada berri bat emateko 80 hitzordu inguru finkatu ditu AEK-k igande honetarako

AEK-k 80 ekitaldi baino gehiago egingo ditu EHko herrialde guztietan, aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin. Ekimenak eguerdiko 12etan "Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara!" lelopean eginen dira euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko. AEKren mezua irakurtzeaz gain, bi abesti entzungo dira. Batetik, “Euskal Herrian Euskaraz” abesti ezaguna, eta, bestetik, berariaz egun horretarako sortu den “Lekukoa mingaina” bertso-rapa.

2021-ko martxoak 23

Bultza euskaltegiak-Bultza euskara! egizu ekarpena kanpainak ere zabalik segitzen duela gogoratu du AEK-k. KORRIKA atzeratzeak zuloa eragin du AEKren aurrekontuan, eta zorpetze horri aurre egiteko herritarren sostengua jaso nahi da. Ekarpenak AEKren webgunean egin daitezke, hainbat eratan.

Azkenik, mota guztietako eragileekiko lan-ildo amankomun bat ere jorratzen ari direla gogoratu dute. “Gobernuek eta herritarrek jokatzen duten rolaz gain, eragileek ere paper garrantzitsua dutelako helduen-euskalduntzean”, erantsi du AEK-k.

Era berean, apirilaren amaieran, Bultza euskaltegiak! dinamikaren barruan, gutun bat helaraziko diete Euskal Herriko administrazio nagusiei, euren ustez datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota.

Gehiago