Euskal Tonbolaren Megasaria Lizarran erori da
Lizarran bizi den Iban Vergarari egokitu zaio Euskal Tonbolaren aurtengo Megasaria. Bigarren aldia da Euskal Tonbolak banatzen dituen sari guztien sorta osoa zozkatzen dena. Bere ekarpenaren eta berea bezala milaka euskal herritarren ekarpenari esker egiten du lan euskalgintzak euskararen normalizazioan urratsak ematen.
2017-ko urtarrilak 4
‘Zure energiarekin euskarak ez du mugarik’ lelopean Euskal Tonbolaren Megasaria bigarren urtez zozketatu da, eta oraingo honetan Lizarran erori da. Euskalgintzak aldaketa soziala bultzatzeko behar beharrezkoa den herritarren inplikazioa lortzea da zozketa honen helburua, euskal tonbolako txartela eskuratzean.
Euskaraz bizi nahi dut esaldia osatu behar zuten txartelen erosleek eta ondoren zozketan parte hartzeko esaldi osatua Kontseiluari bidali. Abenduaren 30ean egin zen zozketa notario aurrean. Eta Intxaurrondon sortua den, baina Lizarran bizi den Iban Vergarak bidalitako gutunetako bat izan da sariduna. Sandero autoa, urtebetez hilero 100 euroko erosketa saski bat, Scotter motorra, Kariberako bidaia, kruzeroa eta abar luze bat jaso ditu.
Herritarrek Euskal Tonbolan egiten duten inbertsioari esker euskalgintzak hainbat lan egin ditzake urtean zehar. “Ezinezkoa litzateke herritarren laguntza hori gabe egiten diren lan horiek burutzea. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak herritarren hizkuntza-eskubideen babeserako egiten duen lana, kasu. Edota, 2016an, Nafarroako hizkuntza-politikari bultzada emateko Kontseiluak egindako lana”, adierazi dute zozketaren antolatzaileek. Herritar eta mekatarien konpromezua ere eskertu dituzte.
“Milaka eta milaka lagunek osatzen dugu Euskal Tonbolaren familia handi hau. Txartela bakoitzaren atzean pertsona bat dagoelako, ilusio bat, emozio bat, helburu bat, atxikimendu bat. Horri esker egiten dugu aurrera”.