Euskal sindikatuen gehiengoak euskal errepresaliatuen etxeratzea eskatu dute

2025-ko ekainak 20

Beste behin euskal sindikatuen gehiengoak bat egin du Sare Herritarrak egiten dituen aldarriekin: urteetako gatazkak utzitako ondorioen konponbidea eta bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren aldeko aldarriekin.

Datorren urtean 15 urte beteko dira ETAk bere jarduera eten zuenetik, baina oraindik orain urteetan luzatu zen sufrimendu baten ondorioak pairatzen ari da euskal gizartea. “Sindikatuok, sufrimendu horren amaieran eta gure herri eta gizarteak horrenbeste behar eta merezi duen elkarbizitza agertokietara jauzi egiteko lanean gure ekarpena egiteko konpromezuan berresten gara. Ezinbestekoa baita etorkizunera begira jarri nahi badugu iraganera iltzatzen gaituzten ondorioekin amaitzea”.

Biolentzia ezberdinen biktimeei egia, justizia eta erreparazioa eskatzeaz gain, gaur egun oraindik beraien zigorrak erregimen itxian betetzen ari diren 57 euskal presoen, erbestean dauden iheslari eta deportatuen egoerak ekarri dituzte gogora. “Euskal Herriko alderdi politkoen, eragile sozial zein politikoen, sindikatuon eta euskal gizartearen ardura da elkarbizitza agertokiei ekarpenak egitea. Guztion ardura da ondorioen konponbidearen lanean jardutea, norberak bere leku eta posiziotik lan guzti horri ekarpenak egitea.
Euskal langileriaren gehiengoa ordezkatzen dugun sindikatuok bat egiten dugu konpromezu horretan, ondorioen konponpideari gure ekarpena egiteko konpromezuan berresten gara. Ez dezagun sufrimendua gehiago luzatzen utzi”.

Gehiago