Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatu dute ehunka lagunek Iruñeko espetxeraino egindako martxan
Izan Bidea dinamikaren baitan Iruñeko Sarasate Pasealekuetatik espetxeraino egindako martxa honekin Sare Herritarrak presoen eskubideak errespetatzea eta sakabanaketarekin amaitzea eskatu du.
2020-ko ekainak 20
“Gaurko ekimen honetan lurrean eseri gara, ez nekatuik gaudela adierazteko, guztiz kontrakoa, protesta egiteko, gure haserrea adierazteko eseri gara, sufrimenduari aski dela esateko, salbuespen egoerak asaldatzen gaituela adierazteko; planto egiten diogulako sufrikarioari, urrunketaren erruleta errusiarrari, euskal presoen eskubide urraketei, estatuen mendeku goseari. Horregatik eseri gara!”, esan du Nafarroako Sare-ko bozeramailea den Mikel Mundiñanok martxa hasi aurretik. Segituan, manifestariak altxatu egin dira eta oinez ibiltzen hasi dira, Iruñeko espetxerainoko norabidean.
“Altxatu gara eta herri bat martxan eta mugimenduan behar dugula adierazi dugu, bidea garelako, preso, iheslari eta deportatuak etxeratuko dituen bidea izan behar dugulako”, esan du Mundiñanok.
Azken hilabetetan, Covid-19a dela eta, espetxeetako egoera gogortu egin dela gogoratu du Sarek. “Urruntze politika dela eta indarrean den bisiten debekua, gurasoak ikusi gabe ia hiru hilabete daramatzaten motxiladun haurrak edota gaixotasunaren hedapena ekidin asmoz ezarri diren espetxe barruko neurriak, zeinaren ondorioz, espetxealdia oraindik eta bortitzagoa bilakatu den. Espainia eta Frantziako gobernuek euskal presoei ezarritako salbuespen legedia bertan behera utzi behar dute behin betiko. Egoerak berak erakusten duen urgentziaz. Borondate politikoa behar da horretarako eta gaur gaurkoz estatuen jarrera ez da norabide horretan kokatzen”.
Guri dagokigu bultza egitea, guri dagokigu estatuak mugiaraztea eta zeregin horretan denak izan behar dugu parte.
“Presoen korapiloa askatuko duen bidean elkartu behar gara denak”, azpimarratu du Sarek. Eta horretarako beharrezkotzat jo dute jendartearen aktibazioa. “Salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko lehenik eta preso, iheslari eta deportaturik gabeko etorkizun bati ateak zabaltzeko bigarrenik. Baina horretarako norabide horretan urratsak eman daitezkela sinistu behar dugu eta bide horren parte sentitu behar dugu”.