Euskal hezkuntza sistema propio baten alde ikasle mobilizazioak izan dira gaur Euskal Herriko hiriburuetan
Hezkuntza sistema publiko, euskaldun eta feminista baten alde egin dute gaur greba Euskal Herriko ikasleek. Egungo sistemak ezartzen dizkien zapalkuntzei aurre egin eta eredu propio bat eraikitzeko nahiaren aldarria zabaldu dute.
2019-ko azaroak 28
Urriaren 12an, Hispanitatearen egunean, Gasteizen bildu ziren Euskal Herriko hamaika txokotatik haien heziguneetan borrokan zenbiltzan ikasleak. Borroka lokaletatik nazionalerako jauzia egiteko beharraz jabetuta, indarrak batu eta greba deialdia aurkeztu zuten agerraldi batean.
Ikasleak ere sujetu politiko direla ikusarazi nahi dute eta Euskal Herrian garatzen ari diren borroketan euren ekarpena egin: “Inoiz baino garrantzitsuagoa iruditzen zaigu azaltzea ikasleok gizarte kapitalista eta heteropatriarkal hau eraldatzeko dugun erronka. Izan ere, eraldaketaren olatu soziala gainean dugu eta benetan krisian dagoen sistema hau botatzeko indarra izan dezan, funtsezkoa izango da ikasleon aktibazioa eta parte hartzea.”
Egungo hezkuntza sistemak hamaika modutara zapaltzen dituela azpimarratu dute ikasleek. Horregatik, zapalkuntza horiek ikusarazi eta hezkuntza sistema publiko, euskaldun eta feminista bat aldarrikatzeko atera dira gaur kalera. Horretaz gain, hainbat eta hainbat ekimen egin dituzte aurretik Euskal Herriko heziguneetan: “Gaurdanik, gure hezkuntza zentroetatik bertatik, bestelako hezkuntza eredu baten alde lan egiteko hautua hartu dugu. Eta horretan burubelarri ibili gara azken asteotan. Kontrol sozialaren salaketatik, ikas baldintza duinen eta rol inposaketen edota genero zapalkuntzaraino; gure eduki, kultura eta hizkuntzaren defentsatik igaro, eta kulturartekotasuna eta ingurumenaren aldeko borroka ahaztu gabe”.
Ekimenak goiz-goizetik Euskal Herriko heziguneetan
Bernat Etxepareko ikasleak Baionako Merkatu Plazan elkartu dira 10:30ean. Ikasmahai batzuetan eseri dira ikasle batzuk, Frantziar estatuko bandera zuten maskara batzuk jantzita. Jarraian, maskarak hautsi eta Baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen duten kamisetak atera dituzte bistara. Ekimenaren ostean Patxa plazara mugitu dira eta bertan egin dute ekitaldia.
Eguerdian Hego Euskal Herriko hiriburuetan egin dituzte ikasleek manifestazioak. Gasteizen, Bilbon eta Donostian 12:00etan eta Iruñean 12:30ean abiatu dira “Indarra izan eta eman gure hezkuntzari” lelopean. Hala, ikasle borroka “bizirik” dagoela ikusarazi nahi izan dute eta hezkuntza eredu berri baten alde lanean jarraituko dutela berretsi dute: “Presta daitezela hezkuntza eredu batekin egiten dugulako amets eta ez dugu hori lortu arte amore emango! Presta daiteztela ikasle borroka bizirik dagoelako eta guztion artean injustiziaz beteriko sistema hau botako dugulako!”