Euskal Herriko mugimendu feministak osatutako krisi mahaia astelehenean bilduko da hogei eragileekin

COVID19ren ondoriozko zaintzen kolapsoari heldu nahi dion mahai tekniko-politikoak bere lehen bilera egingo du astelehenean, hilak 23, 16:00etan. Hogei eragile baino gehiago mahai birtual baten inguruan elkartuko dira. Ez dute parte hartuko euskal eta nafar gobernuek, izan ere ez diote Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiari erantzun.

2020-ko martxoak 21

48 orduko epea eman zien Euskal Herriko Mugimendu Feministak eragile sozial, sindikal eta politiko ezberdinei beraiek egindako proposamenari erantzuteko: krisialdiko mahai politiko-tekniko bat sortzea COVID 19aren zabalpenetik eratorritako zaintzen kolapsoari heltzeko. “Ezin genuen denbora gehiago itxaron, dugun erantzukizun moral eta politikoak behartzen gaitu azkar erantzutera”, dio Josebe Iturroizek, mugimenduko bozeramaileetako batek. “Eragileek unearen larritasuna ulertu dute, eta 48 ordu baino gutxiagoko tartean hogei eragiletik gorako mahai bat osatu dugu”, azpimarratu du.

Horien artean euskal gehiengo sindikalaren ordezkaritza zabal batek parte hartuko du, LAB, ELA, Steilas eta CNT sindikatuen bitartez. Alderdiei dagokienez, Elkarrekin- Podemosek, Miren Gorrotxategi lehendakarigaiaren bidez, erabateko konpromisoa eta prestasuna agertu du “krisi garrantzitsuenari, zainketei, helduko dion mahai baterako”, adieraziz. EHBildutik Oihana Etxebarrieta legebiltzarkide ohia eta Gipuzkoako hautagaia joango da, eta hark azpimarratu du “mugimendu feministak egoerari momentuak merezi duen mailarekin heltzen ari zaiola”. Bi alderdiak feminismoan adituak diren aholkulariek lagunduta joango dira hitzordura; Ana González Elkarrekin- Podemosen aldetik eta Monika Plazaola EHBilduren aldetik. Equok Erika Martinez aukeratu du beraien alderdia ordezkatzeko. Orain arte ez dute PP, Ezker Batua , PSE-EE, EAJ eta Geroa Bairen erantzunik jaso.

Eragile politikoez eta sindikalez gain, “berebiziko garrantzia duten beste eragile batzuk” eseriko dira mahaian, Iturroizek azaldu duenez, “errealitatea ezagutzeak jendarte osora iritsiko diren neurri askoz intersekzionalagoak planteatzea ahalbidetuko digulako”, gaineratu du Torrealdaik. Eragile horiek dira, besteak beste, Batera zaintza sare herritara, etxeko langileen elkartea den Trabajadoras No Domestikadas, Ahizpatasuna emakume feminista magrebien elkartea eta AMUGE Euskadiko emakume ijitoen elkartea.

Hainbat gaitan diharduten lau aditu feminista ere mahaian izango dira. Amaia Perez Orozco ekonomialaria, Bea Ilardia indarkeria matxistan espezializatutako abokatua, Mati Iturralde lehen arretako medikua eta Jule Goikoetxea politika publikoetan eta estatugintzan aditua. Azkenik, mugimendu feministaren ordezkari gisa, Josebe Iturrioz eta Naia Torrealdai joango dira eta koordinazio teknikoa Zuriñe Rodriguez ikertzaileak egingo du.

Lehenengo lan-saio horretan mahaiaren helburuak, metodologia eta lan-kronograma bat ezarriko dira. “Badakigu hau ez dela bi eguneko gauza izango horregatik oinarriak ondo finaktu nahi ditugu”, dio Torraldaik, “Mugimendu feminista bere indar guztiak honetan jartzen ari da. Arduratsuak gara, eta neurrira egongo gara “, amaitzen du Iturroizek.

Gehiago