Euskal Herriko Historia online ikastaroan izena emateko epea zabaldu du Nabarraldek

Nabarralde Fundazioak, Euskal Herriko Historia online ikastaroaren zazpigarren edizioa jarri du martxan. Urriaren 3tik abenduaren 12ra luzatuko den ikastaroaren izen-ematea irekita dago jada, irailaren 30a arte www.nabarralde.eus webgunean. Angel Rekaldek, Nabarraldeko zuzendariak, ikastaroaren nondik norakoan bideo batean azaldu ditu.

2019-ko irailak 4

Nabarralde Fundazioak Euskal Herriko Historia online ikastaroaren edizio berri bat martxan jarri du, urriaren 3tik abenduaren 12ra bitartean eskainiko dena. Euskal historiako gertaera eta data gogoangarriak, oroimen lekuak, lurraldetasuna, identitatea, ondarea… Berriro abiarazi den ikastaroan landuko diren alorretako batzuk besterik ez dira.

Ikastaroa Nafarroako Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatzen da, eta Nafarroako Gobernuaren homologazioa dauka. Hartara, ikastoletako irakasleek zein Nabarralde Fundazioko kideek deskontua izanen dute matrikulan. Izen-ematea zabalik egonen da irailaren 29a arte.

“Historia da gizarte batek bere buruaz egiten duen kontakizunaren osagarri garrantzitsuenetako bat”, azaldu du Angel Rekalde Nabarralde Fundazioko zuzendariak. “Narrazio argumentatu bat eskaintzen du eta zentzua ematen die gizartearen jatorri, garapen eta baldintzei. Ikastaro honek Euskal Herriko historiaren irakurketa orokor eta sintetiko bat eskaintzen du, ikuspegi propio batetik landua”. Hala, gaur egungo errealitatean eragina duten gertaera historikoak eta mugarri garrantzitsuenak aztertuko dira bertan.

Moduluetako bakoitza itzal handiko historialariek zuzendutakoa da, besteak beste, Joseba Asiron, Idoia Arrieta, Mikel Sorauren edota Jean Louis Davant; eta Nafarroako historiaren mugarriak izan diren gertakarietan sakontzen dute: historiaurretik hasi eta 36ko gerraraino, Orregako batailatik, 1200 eta 1512ko konkistetatik edota karlistadetatik igarota.

“Dudarik gabe, ikastaro honetan Nabarraldek oinarri nagusitzat dituen kontzeptuak lantzen dira, eta zoriontzekoa da urtez urte eta edizioz edizio jasotzen duen erantzun eta harrera ona. Bide onean goazelaren seinale”, azpimarratu du Rekaldek.

Gehiago